Corrugados Azpeitiako 60 langile kaleratzea aurreikusten du enpresak

Uztarria.eus 2012ko mar. 1a, 11:17

Ekainetik aurrera kaleratuko ditu, hil horretan bukatzen zaie-eta langileei Lana Erregulatzeko Txostena eta 105 eguneko suspentsioa. Corrugados enpresako batzordeko kideek adierazi dutenez, "aurretik esan genuen horrelako zerbait etorriko zela, eta badator. Espero genuen, eta behin baino gehiagotan esan izan dugu aurretik, kaleratzeko gehiago etorriko direla".

Alfonso Gallardo Taldeak Corrugados Azpeitiako 60 langile kaleratzea aurreikusten du, ekainetik aurrera. Hil horretan bukatzen zaie langileei Lana Erregulatzeko Txostena eta 105 eguneko suspentsioa. Corrugados enpresako batzordeko kideek adierazi dutenez, "aurretik esan genuen horrelako zerbait etorriko zela, eta badator. Espero genuen, eta behin baino gehiagotan esan izan dugu aurretik, kaleratzeko gehiago etorriko direla".

Corrugados Azpeitiako zuzendaritzak bilera batean onartu die langileen ordezkariei ekainean beste espediente bat egin eta bertan 60 langile kaleratzea proposatuko dutela. "Azken bileran, Alfonso Gallardoren ordezkaria den Manuel Romerok beste espediente bat aurkezteko asmoa dutela onartu zigun, eta esan zigun enpresa konpetitibo bat izateko beharrezkoa zela espediente hori", kritikatu du Esteban Kanpos enpresa batzordeko LABeko ordezkariak.

60 langile horiek kaleratuta, 240 langile geldituko dira enpresan. Gainera, duela egun gutxi kaleratu zituzten 100 lagun Corrugados Azpeitiatik; 87 euren burua boluntario aurkeztuta, eta hamahiru enpresak erabakita. Orduan, langileen ordezkaritza sindikalaren gehiengoa diren ELA eta LABek salatu zutenez, "zuzendaritzaren adletik langileek boluntario aurkezteko presioak jasan zituzten".

Langileen ordezkariei arrazoia

Iaz, Corrugados Azpeitia enpresak urteko lanaldian lau lan egun gehiago ezarri zizkien enpresako langileei. Enpresa batzordeko gehiengo sindikala diren LAB eta ELAk horren kontra jo zuten epaitegietara. Hasieran, epaileak ez zien arrazoia eman langileei. Baina, langileen ordezkariek errekurtsoa sartu zuten. Orain, ordea, Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak langileei arrazoia eman die. "Horrek esan nahi du, aurten langileok 32 ordu gutxiagoko urteko lanaldia izango dugula", dio enpresa batzordeko ordezkari batek.