Bilduk "herritarren nahiaren kontrako erabakirik" ez duela hartuko jakinarazi du

Uztarria.eus 2012ko ots. 27a, 12:12

Zaborren bilketarako atez ateko sistema datorren urtetik Gipuzkoako beste 34 herritan jarri nahi dutela jakinarazi zuten joan den asteazkenean, hilak 22, Bildu koalizioko hainbat alkate eta zinegotzik. Herri horien artean dago Azpeitia. Horren harira, zalantzak argitzeko asmoz, Azpeitiko Bilduk oharra kaleratu du eta "herritarren nahiaren kontrako erabakirik ez dela gauzatuko" adierazi du. Horretarako parte hartzea defendatu eta sustatuko dute, eta parte-hartze ordenantza onartuko dutela esan dute.

Bilduk jakinarazi duenez, "kudeaketaren bidea herriarekin egin nahi dugu": "Herritarrak informatuz eta beraien ekarpenak jasoaz, denon artean erabakiko dugu bide eraginkorrena zein den, horretarako behar dugun denbora eta bitartekoak eskainiaz herritarrei". Hondakinen arazoa gainditzeko eta aipatutako kopurietan sistema eraginkorrena zehaztea "ez dugu inposatuko" esan dute Azpeitiko Bildukoek. Gainera, prozesu parte-hartzaile bat abian jarriko dutela eta horretarako herriko hainbat eragile, sindikatu, alderdi zein norbanako beharrezkoak izango direla esan dute.

Ez errauskailu eta ez Lapatx

Bilduko ordezkariek esan dute "errauskailua ez da egin behar ez Zubietan eta ez inon": "Errausketa prozesuan airera botatzen diren toxikoez gain, labera sartzen denaren %25a errauts eta zepa kutsakor moduan gelditzen da, eta zabortegietan ezkutatu beharko da. Horrelako kalterik ez diogu inori opa, eta ezin dugu onartu guretzat irtenbide bakarra aldameneko herritarrei kalte egitea izatea".

Zabortegiaz ere hitz egin dute Bildukoek. "Herri bezala badakigu zabortegia zer den eta sufritzen ari gara eta ez dugu horrelakorik nahi ez hemen eta ez inon", esan dute. Gainera, Lapatx ixteko bidea ahalik eta zabor gutxien sortu eta ahal bezain beste murriztea da, berrerabiliaz eta birziklatuaz.

Azpeitiko Bildu koalizioko ordezkariek jakinarazi dute, hauteskunde programan esan zutela "ahalik eta sistema eraginkorrena aztertu eta aukeratu behar genuela". Hori dela-eta, "ez dugu ez Lapatx eta ez errauskailurik nahi". Koaliziokoek esan dutenez, "Lapatxek sortzen dituen kalteak gainditzeko derrigorrezkoa da zabor politika zaharkitua gainditzea, eta irtenbide eraginkor eta zentzuduna eman behar diogu". Hondakinen %80a birziklatzea lortzen duen sistema eraginkorra ezarri behar dela ere adierazi dute, "horrela soilik lortuko dugu zabortegiak sortzen dituen kalteak atzean uztea".