Lantegietarako autobus zerbitzurik ez da izango urtarrilaren 2tik aurrera

Udalak kentzea erabaki du, ekonomia arazoak eta zerbitzuaren "erabilera txikia" tarteko

Urrestillako bizilagunei ere eragingo die murrizketak; Beizamako linea eta taxibus zerbitzua izango dituzte erabilgarri

Lantegietarako autobus zerbitzua kentzea erabaki du Udalak. Astelehenetik, urtarrilaren 2tik aurrera, ez dute garraio zerbitzu hori emango. Ekonomia arazoak eta zerbitzuaren "erabilera txikia" tarteko hartu du kentzeko erabakia Udalak.

Lantegietara garraio publiko zerbitzua eskaintzeko aurreneko saiakera 2006an egin zuen Udalak, Landetara autobusak jarrita. 2009an, berriz, Urrestillako lantegietarako ere zerbitzua jarri zuten. Bi kasuetan, enpresekin lankidetzan eta gastuak partekatuta jarri zituzten autobusak.

Urrestillako bizilagunei ere eragingo die autobus zerbitzuaren murrizketak. Izan ere, Urrestillako lantegietara joaten zen autobusak hango biztanleei ere eskaintzen zien zerbitzua. Hemendik aurrera, besteak beste, asteartero eta aspalditik Azpeitiko azokatik bueltatzeko eguerdi aldean izaten zuten autobusik ez dute izango urrestildarrek. Urrestillan, Nuarben bezalaxe, Beizamako linea eta taxibus zerbitzua izango dituzte erabilgarri. Beizamatik datorren autobusari dagokionez, astelehenetik ostiralera 08:00etan, 08:37an, 14:32ean, 17:32ean eta 19:42ean izango dute, Azpeitira jaisteko; Azpeititik itzultzeko, berriz, 08:10ean, 14:00etan, 17:00etan eta 19:15ean. Taxibus zerbitzua, aldiz, bezperan hartu behar da eta Lurraldebus txartelarekin ordaindu beharko da.

Gastuak aurrezteko plana

Udalaren egungo egoera ekonomikoak "erabaki gogorrak hartzera behartzen" dituela adierazi dute udal gobernutik. Krisiari aurre egiteko gastuak murriztu beharra ikusi du Udalak. Gastuak aurrezteko plana diseinatzen hasi da Udala. "Beharrezko zerbitzuak mantenduz gastuak etengabe murriztea" izango da plana diseinatzerakoan erabiliko duten irizpide nagusia, Eneko Etxeberria alkateak azaldu duenez. "Hor kokatu behar ditugu azken asteko bi erabakiak: bata, zaborraren bilketaren ingurukoa, eta bestea, langileen autobus zerbitzuarena. Azken honen kasuan, erabilera txikia zuen, oso txikia, eta ezin zen jasan hori mantentzea. Hala ere, Foru Aldundiarekin beste linea batzuk lotu ditugu", aurreratu du alkateak.

Horrelako erabakiak eta murrizketak gustukoak ez direla aitortu du Etxeberriak, "baina ardura hartu behar da eta hartuko dugu. Udalaren sarrerak etengabe eta sakon jaisten ari dira eta azpeitiarren etxea izanik, ahalik egokien eta efizienteen gestionatu behar dugu", adierazi du.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide