Xabier Mendiguren idazleak Beñat Lizasoren kantaeraz

Uztarria.eus 2011ko aza. 30a, 16:11

Beasaingo idazle eta editoreak Lizasoren inguruko gogoeta egin du G-puntuaren webguneko blogean

Lizasok ezin izan zuen Tolosako finalerdian aurrera egin

Xabier Mendiguren Elizegi beasaindar idazle eta editoreak "Beñat Lizasoren kantaeraz"-eta gogoeta egin du G-puntuaren webguneko blogean . Lizasok ezin izan zuen igandeko Tolosako saioan aurrera egin. Honatx, Mendigurenen testua:

"Tolosako semifinalean gauza gustagarri asko entzun genuen, baina izan zen bat, saioaren ondotik batarekin eta bestearekin komentatuz, nire solaskideek eta nik kointziditu genuena: Beñat Lizasok egin zigun inpresio ona, eta puntuetan seigarren ikusteak sortu zigun harridura.

Argitu dezadan: ez nator epaimahaikoen lana zalantzan jartzera; imajinatzen dut, bertso guztiak idatziz jarri eta patxadaz aztertuz gero, egokia izango zela haien puntuaketa; baina, lagunon ustetan behintzat, eta entzunaldi bakarrean, Lizasoren lanak gehixeago merezi ote zuen.

Inpresio honek badu bere zergatia: seguru asko, Lizasoren kantaera. Beñaten presentzia fisikoa nabarmena da: altua, sendoa, aurpegikera markatukoa eta gorpuzkera landukoa. Eta are gehiago ahotsa: indartsua eta ahaltsua, bere aitaren moldean, baina are hobeto modulatua (Sebastian batere kantari txarra ez den arren).

Adibidez, azken agurrean aitonari eskaini zion bertsoa, potentziaren eta gozotasunaren konbinazio ezin hobea izan zen. Joxe Lizaso ezagutu dugun guztiok hunkitzeko modukoa baldin bazen edukia, emozio hori ileak lazteraino eraman zuen kantuak. Horra, bertsoaren lilura. Lizasotarren kastako azkena gehiagotan entzuteko gogoz gelditu naiz ni behintzat."