Corrugadosen aurkeztutako espedientea negoziatzea enpresaren "epekako itxiera balioztatzea" dela dio LABek

Sindikatuaren arabera, "aurkeztutako bideragarritasun planak, enpresaren arazo estrukturalei aurre egin beharrean, egungo egoeraren erantzukizuna langileen gain jarri besterik ez du egiten"

Langileen eta sindikatuen gain ez ezik, irtenbidearen ardura erakundeen gain ere badagoela dio LABek

LABek eta sindikatuak Corrugados Azpeitian duen sail sindikalak enpresak azaroaren 22an aurkeztu zuen bideragarritasun planaren balorazioa plazaratu dute gaur, azaroak 28, ohar baten bidez.

Zuzendaritzak aurkeztutako plana ez du begi onez ikusten LABek eta egin duen balorazioa ezkorra da, zentzu horretan. Bideragarritasun planean jasotako premisa industrialen arabera espedientea negoziatzea enpresaren "epekako itxiera balioztatzea" dela dio LABek, eta hori ez dutela onartuko. Sindikatuaren arabera, "aurkeztutako bideragarritasun planak, enpresaren arazo estrukturalei aurre egin beharrean, egungo egoeraren erantzukizuna langileen gain jarri besterik ez du egiten".

Langileen eta sindikatuen gain ez ezik, irtenbidearen ardura erakundeen gain ere badagoela dio LABek.

Hona hemen LABek hedabideetara igorri duen oharra, oso-osorik:

"Idatzi honen bidez LABek eta sindikatuak Corrugados Azpeitian duen sail sindikalak honakoa adierazi nahi dugu, enpresako jabeek aurkeztutako plan industriala sakontasunez aztertu ostean:

  1. Esan izan dugun moduan, enpresak aurkeztutako bideragarritasun planak, enpresaren arazo estrukturalei aurre egin beharrean, egungo egoeraren erantzukizuna langileen gain jarri besterik ez du egiten. Gaur 140 kaleratze proposatu dira, bihar askoz gehiago izango dira, aurkeztutako plana kontuan izanda.
  2. Planak Espainiako eraikuntza merkatua jartzen du industria proiektuaren salbatzaile gisa. Alegia, enpresaren errekuperazioa estatuko eraikuntzako merkatuaren errekuperazioari lotzen dio. Gainbeheran den merkatua da hori, eta gainera, Corrugadosen eskaintza, duen eskaria baino askoz handiagoa da. Gaurko egoera hori da, eta etorkizunean ere egoera bera izango da. Beraz, plantilaren etorkizuna bermatuko duen mirari bati begira jartzen gaitu plan honek.
  3. Konponbidea dibertsifikazioaren eta internazionalizazioaren bidetik etorriko da. Euskal Herriak europar merkatuarekiko eta azpiegiturekiko duen hurbiltasunak berebiziko garrantzia du. Horretarako planak inbertsio argiak aurreikusi behar ditu, eta behar adina finantza berme ere bai. Baina honetaz guztiaz ezertxo ere ez da esaten. Areago, Azpeitiko lantegiaren jabea den Gallardo Taldea agertu ere ez da egiten bideragarritasun planaren erredakzioan.
  4. Premisa industrial hauen arabera aurkeztutako espedientea negoziatzea, epekako itxiera balioztatzea da. Hori ez dugu onartuko. Instituzioekin harremanetan jarriko gara, bereziki Eusko Jaurlaritzarekin, planaren aurrean posizio komun bat adosteko eta horren araberako erabakiak hartzeko. Aurkeztutako planean sinesten ez bada —guztiz normala dena—, guztiz bestelako bideorri bat marraztu beharra dago, eta prozesu horretan ezin gaituzte langileok bakarrik utzi.
  5. LABek Corrugadoseko langileen mobilizazioa sustatzen jarraituko du, egoeraren aurrean erantzukizunez jokatzeko. Enpresa epeka ixtera bideratutako prozesu hau onartzerik ez dago. Eremu sindikalaren ardura da, baina ez gurea bakarrik, eremu politikoarena eta instituzionalarena ere bai. Guztiok dugu erantzukizuna enpresa behartzeko, garai emankorretan lortutako irabaziak enpresaren bideragarritasunaren zerbitzura jar ditzan. Borondatea baldin badago, etorkizuna ere egongo da".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide