Corrugados Azpeitiako 140 langile kaleratu nahi ditu enpresak

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 11a, 12:11
Corrugados Azpeitia enpresako langileek manifestazioa egin zuten atzo, osteguna, Landetatik herriko plazara. (Nerea Uranga)

Langileak kaleratzearekin batera, datorren urterako Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztu du

Corrugados Azpeitiari plan estrategikoa eskatu dio LAB-ek, eta enpresaren txostena "sasi irteera" dela dio sindikatuak

Herenegun arratsaldean Corrugados Azpeitia enpresako zuzendaritzak txostena aurkeztu zion enpresa batzordeari; batetik, 140 lagun kaleratuko dituela azalduz, eta, bestetik, gelditzen diren langileei datorren urtean % 40eko Lana Erregulatzeko Txostena ezarriko zaiela esanez; hau da, 105 eguneko suspentsioa. Baina Lana Erregulatzeko Txostena nola ezarriko duten ez die argitu.

Txostena aurkeztean enpresak ez die eman plan estrategikoaren berri langileen ordezkariei. Horregatik, bai ELAk eta bai LABek enpresaren bideragarritasun plana eskatu dute, eta langileen kaleratzerik ez dutela onartuko esan dute. "Plan industrialik ez du aurkeztu enpresak, eta ezta bideragarritasun planik ere. Beraz, enpresak aurkeztutako txostena zertarako da? Zergatik? Eta nora eramango gaitu?", azaldu dute ELAko iturriek. "Kaleratze traumatikorik ez dutela babestuko" ere azaldu dute.

Lehendik ere Lana Erregulatzeko Txostena dago ezarrita Corrugados Azpeitian. Epea abenduaren 31n bukatzen zaio. Datorren urterako ere Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztu du orain enpresako zuzendaritzak. Orain, kaleratzeak negoziatzeko hilabeteko epea dute, eta, ondoren, beste hamabost eguneko epea Lana Erregulatzeko Txostena onartzeko.

Enpresako langileen ordezkariek, hotsa, enpresa batzordeak, herenegun arratsaldean izan zuten txostenaren berri, zuzendaritzakoen eskutik. Atzo goizean enpresa batzordeak langileekin bilera egin zuen, zuzendaritzak esandakoa azaltzeko. Segidan, Corrugados Azpeitia enpresaren sarreratik, Landetako industria aldetik, irten eta herriko plazara manifestazioa egin zuten, enpresaren bideragarritasun plana eskatuz, Kaleratzerik ez! lelopean.

Eguerdian, berriz, Corrugados Azpeitia enpresako langileen ordezkariek bilera egin zuten Eneko Etxeberria alkatearekin.

Enpleguaren bermea lehentasuna

Corrugados Azpeitia enpresan gertatzen ari dena gai hartuta, LABeko sail sindikalak hedabideen aurrean agerraldia egin zuen atzo Azpeitian. Corrugados Azpeitiako zuzendaritzak aukeztutako Lana Erregulatzeko Txostena "sasi irteera" dela esan du sindikatuak. Horrez gain, enpresaren etorkizunari buruzko plan estrategikoa eskatu zuten ordezkariek, eta enpleguaren bermeak lehentasuna izan behar duela nabarmendu.

Asier Imaz LABeko industriako federazioko kideak azaldu duenez, Corrugados Azpeitian "giltzarriak" hiru dira: "Batetik, hazkunde garaian irabazi erraldoiak edukitako enpresa da; 2005etik 2008rako aldian 129 milioi euroko irabaziak izan dituena". Horrez gainera, "herriarentzako behar-beharrezkoa" den proiektu industriala da, "aberastasuna sortu eta aberastasuna banatzen duelako". Zuzeneko 410 langiletik gora ditu. Eta, hirugarrenik, "krisia hasi zenetik langileek batez beste langabeziaren 150 egun kontsumitu dituzte dagoeneko".

Hiru oinarri horiek kontuan hartuta, enpresaren zuzendaritzak aurkeztutako txostena "sasi irteera" dela dio LABek. "Eta, gainera, behin betiko irteeratik aldentzen gaituena. Impasse egoeran uzten du enpresa, benetako irteera atzeratuz".

LABentzako lehentasuna plan estrategikoa da, eta horren baitan enplegua da garrantzitsuena. "Gure ustez urteetako irabaziak plan hori finantzatzeko erabili behar dira; inbertsioak bermatzeko. Plana enpresa eraberritzeko erabili behar da. Proiektu industrial horrek enplegua eta enpleguaren kalitatea bermatzea izan behar ditu lehentasunak".

Prezioa igo nahiaren susmoa

Zuzendaritzak, aurkeztu duen txostenarekin, enpresaren prezioa igo nahi duen susmoa du sindikatuak.

Txostenak beharrezkoa den irteera atzeratzen duela uste du LABek. "Langileak eta instituzioak eztabaida estrategikotik aldendu nahi dituzte, eta azkenean lanpostuak deuseztea erabili nahi da enpresaren prezioa igotzeko", diote LAB sindikatuko kideek.

Erakundeen esku-hartzea

LABek "gardentasunean oinarritutako" prozesua bultzatuko du, "enpleguaren defentsa" lehentasun duela. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari eta Lan Delegaritzari esku-hartzeko eskatu diote. Lan Delegaritzari Lana Erregulatzeko Txostena ken dezan ere eskatu dio.

Instituzioen parte-hartzearekin eta langileen borrokarekin gaur egun enpresak bizi duen egoerari aurre egiteko aukera dagoela uste dute LABekoek. "Corrugados Azpeitiak badu irteera, bai Gallardo Taldearen barruan, baita taldetik kanpo ere. Baina prozesu horretan prezioa oinarria ez izatea lortu behar dugu. Oinarria lanpostuen bermeak izan behar du", esan du.