ETAk borroka armatua bukatu duela-eta, adierazpenak

Uztarria.eus 2011ko urr. 21a, 14:10

ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki zuen atzo, osteguna

Herriko hainbat politikari eta eragileen adierazpenak jasoko ditu Uztarria.com-ek orduotan

ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki zuen atzo, osteguna, arratsaldean. Horren harira, herriko hainbat politikariren eta eragileren adierazpenak jasoko ditu Uztarria.com-ek orduotan.

Eneko Etxeberria (alkatea): Azpeitiko alkateak honako agiri instituzionala plazaratu du:

"ETAren erabaki historikoak zabaldu duen garai berriaren aurrean, alkateak, Udalaren izenean, zera adierazi nahi die azpeitiarrei:

  1. Azpeitia asko sufritu duen herria izan da. Horregatik, egun historiko honetan, gure elkartasun zintzoena helarazi nahi diegu urte luzeotan sufritu duten eta sufritzen ari diren herritar eta familia guztioi.
  2. Gure poza azaldu nahi dugu itxaropenerako zabaldu den aro berri honengatik. Herri honek behin eta berriro irrikatu duen bakea errealitate bihurtuko da.
  3. Udal honek konpromezu irmoa hartzen du bere esku dagoen guztia egiteko Euskal Herrian normalizazio politikorantz urratsak emateko. Ziur gaude Azpeitia aurrerakoi eta oparo batean bizi izango garela etorkizun hurbilean.
  4. Konpromezu irmoa hartzen du, era berean, gure herrian elkarbizitza eta adiskidetzea nagusitzeko, alderdion, elkarte guztion eta herritarron erantzukizuna baita atzetik datozen belaunaldiek guk pairatutakoa paira ez dezaten.
  5. Azkenik, dei egiten diegu Espainiako zein Frantziako gobernuei elkarrizketa politikoak burutu ditzaten oraindik dirauen sufrimendua amaitzeko eta behin betiko bakea lortzeko. Azpeitiak eta Euskal Herriak merezi dutelako".

Aitor Aranguren (Hamaikabat): "Egun pozgarria denontzako. ETAk porrot egin du euskal gizarteak aspalditik bizkarra eman diolako. Ba zen garaia. XXI. mendeko Europan gehiegi luzatu da ETAren abentura. Zer lortu du ETAk? Ezer ez. Zer utzi digu ETAk? Hildakoak, mina, negarra eta gorrotoa.

Gure lehen pentsamendua hildakoengan da. Bereziki Inaxio Uria azpeitiarrarekin. Lan handia dago aurretik, biktima guztien aitortzan eta gizartearen errekontziliazioan. Ez dezala inork pentsatu ETAk pena merezi izan duenik. Bakea garaile".

Juan Karlos Arellano (Aralarreko zinegotzi ohia): "Berri oso pozgarria izan zen atzokoa. Lehenago edo beranduago esperotako notizia izan zen. Hemendik aurrera lan egiteko ateak ireki dira ikuspuntu eta gertaera desberdinen aurrean.

Gainera, politikagintzan ibili naizenean, halako giro bat nahi nuen eta hori gauzatu da".

Ramon Etxezarreta (PSE-EE): "Ezer ez da berdina izango gaurtik aurrera. Bortizkeria menderatua izan da. Bortizkeriarik gabe bizitzen ikasi beharko dugu, ondo bizitzen ikasi behar izaten den bezala. Zilegi izango da gaurtik aurrera euskaldun modu diferentean izatea, gutako bakoitzak nahi duen erako euskalduna izatea. Ezberdin pentsatzen dutenak, justu kontrakoa pentsatzen dutenak beharrezko, ezinbesteko, ditugula ikasteko garaia.

Tristuraren sakonetik Ernest Lluch, Ramon Diaz, Joan Mari Jauregi, Fernando Buesa, Jose Luis Lopez de la Calle, Froilán Elexpe adiskide eta lagunei, Inaxio Uria herritarrari, eta urte ilunetan, konturatu ere egin nahi izan ez genuen garai haietan, bide bazterrean hilotz utzi zizkiguten, edo utzi genituen haiei egin nahi nieke dei, gure zorionaren parte izan zitezen. Ezin ordea".

Maria Jesus Arregi (Lokarri): "Albistea jakin nuenean, malkoak atera zitzaizkidan, emozionatu egin nintzen. Askotan galdetzein nion-eta neure buruari, hau noiz bukatuko da?

Norbaitek egin du lana, begira nola iritsi den bukaera. Nahiz eta batzuek esango duten ETA ahul zegoelako iritsi dela bukaerara. Beraz, lana egin duen horri zorionak. Ikaragarri pozten naiz, eta orain beste bide batean egin beharko dugu aurrera. Pentsakera desberdin asko dago, bizi ezin asko egon da eta dago, eta orain beste prozesu baten barneratuko gara, eta ea nola egiten dugun aurrera".

Eider Alkorta (politologoa): "Balorazio positiboa egiten dut. Orain aber zer aurrerapauso ematen diren. Atzoko adierazpenarekin ETAren jarduera armatuaren bukaera dela jakin dugu, baina ibilbide luze eta gogor baten aurrean dago euskal gizartea".

Estitxu Elduaien (kazetaria): "Denok gure historia propioa gogoan izango dugun eguna da, niretzat bai behintzat. Euskal Herriaren gatazkan mugarri bat ezarri du ETAren adierazpenak, orain artekoa eta datorrena bereiztuko dituena. Aro bat amaitu da. Halare, borroka armatua amaitu arren, Euskal Herriko gatazka ez da amaitu, eta orain hasten da benetako konponbide aroa. Zenbaitek jada ezingo du bestaldera begiratu eta borroka armatuaren aitzakian babestu. Hitz egiteko ordua iritsia da, Euskal Herriaren hitza eta nahia errespetatu eta onartzekoa".

Jose Luis Otamendi (idazlea): "Agiri horrek gure bizitzako aldi baten amaieraren marka dakar, eta gure herriaren aro baten bukaera ere adierazi lezakeela ematen du. Oinazearen termometroak behera egingo du nabarmen, baina grado askotan dauka jaitsi beharra oraindik. Zer sendatu, zer osatu asko dago, noski.

Bestetik, ikusteko dago aldi berri baten hasiera ere etorriko den atzoko agiriaren bidetik, pauso berriak emango diren Euskal Herriko auzia konpontzeko, edo alde bateko indarkeria bukaturik, dena lokatzetan trabaturik geratuko den, ez atzera ez aurrera.

Espero dut beranduegi ez izatea, indarrak biltzen jarraitu eta nazio moduan jokatuta, jendarte aurrerakoia eta autodeterminazio eskubidea lortzeko. Uste dut aukera hori orain gure esku dagoela, eta gogor saiatzen bagara lortuko dugula aurrera egitea. Ez gaude ez zeharo ondo eta ez guztiz konforme, baina inoiz egon garen ondoena bagaude, eta abaila hau aprobetxatu beharra dago".

Xabier Etxeberria (preso ohia): "Urte luzeetako borrokak aukera berriak ireki ditu Euskal Herrian. Heldutasun politiko handia erakutsi du beste behin ETAk. Euskal herritarrongan konfiantza guztia ipini du. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka herritarrok irabazi behar dugu, inoiz baino konpromiso handiagoa erakutsiaz.

Orain estatuei dagokie, Euskal Herriaren aurkako biolentzia desaktibatzea. Eta benetako konponbide baten aldeko urratsak egitea. Lehentasunezko gaia, euskal preso eta iheslari politikoena da. Beraien etxeratzea lehenbailehen eman beharreko pausoa da.

Bakea ez da iritsi oraindik, benetako bakea euskal herritarren hitza eta erabakia errespetatzean lortuko da. Hor dago benetako erronka".

Iñaki Azkue (ezker abertzaleko kidea): "ETA erakundeak, astelehenean nazioarteko konferentziaren erresoluzioari modu positiboan erantzun dio. Urrats garrantzitsua izan da eta honek plaza politikoa hankaz gora utzi du. Egun batzuetan urak baretzen utzi beharko dira eta datozen urratsak patxadaz eman.

Argi dago Euskal Herriak Frantziar eta Espainiar estatuekin duen gatazka politikoaren korapilo nagusia (euskal herritarren erabakitze eskubidea) askatzeko dagoela. Egun euskal herritarron esku dago izaera politikoa duen gatazkari irtenbidea ematea akordio zabal baten bidez eta ETA nahiz estatuei gatazkaren ondorioei irtenbidea bilatzea (presoak, biktimen errekonozimendua...).

Herritarron esku dago konponbide justu eta demokratikoa eraikitzea. Inoiz baino argiago ikusten duguna eguneroko lanaz lortu behar dugu. Beraz, bakoitzak bere esparruan bultza diezaiola gurdiari, beharrezkoa baita guztion indarra".

Garikoitz Armendariz (AAMko kidea): "Erabaki ikaragarri garrantzitsu bat hartu duela iruditu zait ETA erakundeak. Gatazkaren konponbide demokratiko baten norabidean konpromiso handiko pausoa eman du.

Konponbide demokratiko baterako herritarron ilusio eta nahiari bultzada handia ematen dio atzoko adierazpenak. Baina gatazka politikoak oraindik hor jarraitzen du. Ez da inondik inora garaipen eguna. Euskal Herriko kaleetan jarraitzen dute oraindik jarrera oldarkorra erakutsiz eta inpunitate osoz indar polizial espainiarrek.

Eta gaur egun lehentasunezko gaia ikusten dudana preso eta iheslarien afera da. Gatazka politikoaren amaiera demokratikoa izateko etxetik urrun dauden lagun eta senide guztiek etxean egon behar dute.

Estatuen teilatuan dago pilota, baina horien zain egon gabe herritarrok mugitu behar dugu, herritarron garaia da, gure esku dago, animo eta ekin lanari!".

Pello Elorza (EAJ): "Albiste oso pozgarria izan da ETAk armak utzi izana, eta aspaldi gertatu behar zuena, hala egin izan balute sufrimendu eta egoera tamalgarri eta alferrikako asko ez zirelako gertatuko, beste hainbat eta hainbaten artean bat aipatzearren gure herritar Inaxio Uriaren hilketa. Baina hurrengo pausoa falta da, euskal gizarteak aspalditik oihu ozenez eskatzen diona: desegin egiten dela esatea. Eta ezin ahaztu urte hauetan erasoak jasan dituztenak, eta heriotza jasan dutenak ere.

Bestalde, joko politikoaren baitan abertzaleoi sarritan hegoak ebaki izan dizkigu, gure idearioa ez baitigute gizarteko eragile batzuek onartu izan, odolarekin nahastu izan delako, inolako kulparik ez genuenean. Bake osoa, berradiskidetzea eta biktimei eman beharreko aitortza landu beharko ditugu, denok kabituko garen etorkizuneko Euskadi bat egiteko, denon artean.

Hitzaren eta eztabaida gizabidetsuaren garaia iritsi da. Hemendik aurrera, euskal herritar guztiok geure ideiak eta helburu politikoak, edozein kolore eta jarreratakoak direla ere, hitz soilaren bidez aurkeztu, eztabaidatu eta erabaki ahal izango ditugu.

Gure ardura izango da besteak gure ideiez konbentzitzea, eta aurrera egitea gure helburuak lortzeko, demokratikoki eta hitzaren bidez, benetako Euskadi erakutsi eta egiteko, mundura irekia, solidarioa, modernoa, aurrerakoia, eta inor kanpoan utziko ez duena. Iñigo Urkullu, gure alderdiaren presidenteak esan zuen bezala, Askatasunaren eta Euskadiren ordua iritsi da".

Enekoitz Esnaola (Berria.info-ko kazetaria): "Lan askoko eguna izan genuen atzokoa Berria.info-n ere. Berria-k ere jaso zuen ETAren adierazpena —agiri, bideo eta argazkiekin—, eta webeko edizio jarraian 19:00etatik aurrera azkar, ondo eta zabal emateko lanean jardun genuen 19:00ak aurreko uneetan. Garbi zegoen ETAk asteleheneko Nazioarteko Konferentziaren ebazpenaren eta ezker abertzalearen astearteko eskariaren ondoren zerbait esango zuela egunotan, zerbait garrantzizkoa, eta aurrelan batzuk egin genituen harrezkero (webgune bereziko hainbat atal). Atzo, 19:00ak heldu eta albiste nagusia sarera igotzeko unea iritsi zenean, teklari azkeneko ttak hori ematean gauza berezia sentitu nuen: albiste historiko baten berri ematera gindoazen.

Gaia bera aztertuz, puntu batzuk:

  • 1. Patxi Lopezek erridikulua egin du: Jaurlaritzako lehendakaria AEBetan harrapatu du ETAren erabaki historikoak, bistan zenean egun hauetan zerbait handia pasatuko zela Euskal Herrian. Aznar Lizarrako su-etenak Perun harrapatu zuen, baina orduko iragarpena nolabait ezustekoa izan zen. Hau ez, eta Lopez ez zegoen Donostiako Nazioarteko Konferentzian, ezta atzo hemen ere.
  • 2. Ezker abertzaleak itzeleko lana egin du azkeneko bi urte hauetan, publikoki Altsasuko adierazpenetik hasita. Otegik-eta ezker abertzale osoa ekarri nahi zuten toki honetara (ETA, presoak, ezker abertzaleko beste erakundeak, ezkor zen jendea...). Horrek barne prozesua motelagoa izatea zekarren, baita ahoa ireki nahi zenean isilik egotea ere batzuetan. Inaxio Uriaren hilketa da adibide nagusietako bat: ezker abertzale osoan Otegi-eta prozesu honen buru izateko pausoak ematen hasiak ziren, bestetik EArekin Euskal Herri mailako lankidetza hitzarmena egitear ziren, baina ETAk Uria hil zuen, eta prozesu hau moteldu egin zen. Ez geratu, ordea. Hona hemen adibide esanguratsuak: Zutik Euskal Herria adierazpena eta Sorturen estatutuak, Gernikako Akordioa, nazioartearen inplikazioa, ETAren borroka armatuaren bukaera, eta Bildu eta Amaiur (indar independentisten bat-egitea). (eta: ia 24 ordu bete dira ETAren erabakia jakin genuenetik, eta zer egiten dute oraindik preso Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto Bateraguneko zigortuek?)
  • 3. Aieteko ebazpenaren lehen puntua bete da (ETAren erabakiari buruzkoa). Bost puntu ditu Aietekoak. Beraz, hau ez da bukatu. Ibilbidea markatuta dago; Aietekoa, funtsean, Gernikako Akordio garatu bat da, mundu mailako dimentsioa duena.
  • 4. Bukatzeko, datuak: ETAk 850en bat pertsona hil ditu eta 77 bahitu, estatuen errepresioaren ondorioz 474 pertsona hil dira, Euskal Memoria Fundazioaren arabera —474 horietatik presoen sakabanaketa politikagatik 21 senide edo lagun, gerra zikinagatik 85 hil dira, 12 pertsona torturatuta hil dituzte...—, eta ia 700 preso daude.

Leire Etxaniz (Bildu): "Borroka armatua amaitu da. Atzokoa ez zela iritsiko esan ziguten, baina urriko egun honetan, gure historia kolektiboko une erabakior honetan, gertatu ezinezkoa zena gertatu da. Gezurra zela esan zutena, gertatu da.

Eta orain, ausardiaren garaia da, esperantza eta aldaketa politikoaren garaia. Gure etorkizuna erabakitzeko eta arriskatzeko garaia iritsi da. Demokrazia, askatasuna eta burujabetzaren garaia dator. Aitzakiarik gabe! Udalean, konpromisoak hartuko ditugu.

Sufrimenduaren aurrean ez dugu beste aldera begiratuko. Eginiko minaren aitorpenaren garaia da, biktimen aitortza eta beraiei laguntzeko garaia da. Sumario politikoekin eta torturarekin amaitzeko garaia da. Presoak etxera ekartzeko garaia da. Guzti horretan Udalak burubelarri egingo du, esperantzarekin.

Esperantza ez da itsua. Badakigu bide gogorra dugula aurrean. Lan handia. Borroka egin beharko dugu. Badakigu zaila izango dela, baina noizbehinka atzo bezalako egunak egongo dira.

Zerbait hobea dugu zain, herri bat dugu zain. Gure haurren begietan dagoen esperantzak gure iparra izan behar du. Guk, euskal emakumeok eta gizonezkook, guk idatziko dugu gure historia".

Haizea Egiguren (Bilgune Feminista): "ETAren adierazpenak bultzada handia eman dio bake prozesuari eta ireki berri den aro honetan herritarron esku geratzen da gatazka politikoari irtenbide politikoa emateko ardura. Herri mugimenduaren aktibazioa eta herritarron parte-hartzea beharrezkoak izango dira prozesua muturreraino eraman eta gure herriaren inguruan erabakitzeko eskubidea eta bakea geureganatzeko.

Gure ustez, oso garrantzitsua da prozesuan emakumeen partehartzea bermatuko duten neurriak hartzea. Eraikitzen hasi nahi dugun jendarteak justizian eta bakean oinarritu behar badu, herritar guztiok kontuan hartuko gaituen jendartea izan beharko du. Ondorioz, emakumeon parte-hartzea ezinbestekoa da ematen diren urrats guztietan, emakumeok ere eragile zuzenak izan behar dugu, asko dugulako esateko eta egiteko.

Herriko emakumeei ere dei egiten diegu euren iritzi eta proposamenekin kalean antolatuko diren ekimen desberdinetan parte aktibo izatera".