Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria inauguratu dute

Uztarria.eus 2011ko urr. 7a, 14:10
Azpeitiko Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkari eta teknikariak Azpeititik Lasaora doan bidegorrian. (Xabier Otamendi)

Azpeitiko Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkari eta teknikariak izan dira inaugurazioan

Lanak 2011ko urtarrilaren 24an hasi zituzten eta urrian bukatu dituzte

Gaur, ostirala, ingauguratu dute Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria, Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkari eta teknikariek. Eneko Etxeberriak adierazi duenez, "bidegorria politika berri baten emaitza da; Urteetan errepideak autoekin pentsatuta egin dira, eta orain oinezko eta herritarrentzako Gipuzkoa egiten ari gara".

Etxeberriak, gainera, eskerrak eman dizkio Foru Aldundiari eta Larraitz Ugarte Foru Aldundiko bozeramaileari. Larraitz Ugartek ere hitz egin du bidegorriaren inaugurazioan eta bidegorria ez dela aisirako soilik esan du: "Bidegorri hau ez da soilik aisirako, mugikortasun estrategia da. Garraio publikoari eta bidegorriei indarra eman nahi diogu, eta orain jendeak lanera-eta autoz joan beharrean bizikletaz joateko aukera du".

Mariezcurrena S.L. eta Zubieder S.L. enpresek elkarlanean egin dituzte lanak. 2011ko urtarrilaren 24an hasi zituzten lanak, eta urriaren 3an bukatu zituzten. Guztira, 4,8 kilometro ditu bidegorriak eta 2.835.071 euro kostatu da egitea.

Bidegorria Azpeititik Lasaoraino egin dute baina, tartean, Anardi industriagunean zatia egin gabe utzi dute.