Behi artean lanean eta jolasean

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 6a, 15:10
Josu Arregi

Ganadutegia osatuta dauka Josu Arregi Lopene-k Akuan

Lanetik irtenda egunero joaten da baserrira bere idiskoa, 30 behiak eta dozena bat txahal gobernatzera

Lanetik irten, autoa hartu, Lopene baserrira joan, traktorea prestatu eta bidean gora joaten da egunero-egunero Josu Arregi Lopene. Ganadu asko dauka; idisko edo semental bakarra, baina 30 bat behi. Txahalak ere kontuan hartuta, baserri alboko zelaietan "40 buru inguru" dauzkala dio.

Traktorearen atoi edo remolkea artoz beteta (artaburuak hosto eta guzti txikituta, behiei jaten emateko), baserritik aurrera doa Lopene. Aizarnarako oinezkoentzako bide zaharra hartzeko maniobra eginda, gora abiatu da. Bidean aurrera eginda, ezkerretara dagoen aldapara begiratu, eta txistua jotzen hasi da. Pixkanaka, behien buruak agertzen hasi dira, nagusiari so. Bidean aurrera egin, eta itxiturako atea pasatuta, traktoreko janaria tontor txikitan zabaltzen hasi da. Hasieran ez zen animaliarik ikusten, baina koadrilaka agertzen hasi dira behiak eta txahal txikiak. Haiekin batera agertu da hazitarako erabiltzen duen idiskoa ere. Hura du zezen bakarra Arregik. "sokan atera izan dudanean ederki ibili da, baina besteei baino askoz ere gutxiago jarraitzen digu lehengusuari eta bioi. Ezagutzen ez gaituelako-edo izango da. Pena hori daukat; neuk besteek bezala aprobetxatu ezina".

Behiak ezin dira Azpeitiko sokamuturrean atera, txikiegiak direlako soka lotuta daukatela gora eta behera ibiltzeko. Horretarako zenenak behar izaten dira, handiagoak. Itxitako toki batean, soka txiki bat lotuta atera behar izaten dira behiak. Horrez gain, Zezen Beltz elkartearekin egiten dituzten capea edo txuliaketan ere atera izan ditu. Datorren astebururako prestatu dituzten ekimenetan ere izango dira bere behiak.

Janaria zabaltzen ari dela, amarekin baina nahiko kozkortuta dauden bi txahali begiratu, eta dio: "Azpeitiko zezen-plazan bi horiek toreatzeko kapritxoa zeukat". Normalean ez ditu toreatzen bere animaliak; errekorteak ematen eta plazan jolasean ibiltzeko hazten ditu. "Behin edo behin beroaldi batean etxeko ataria itxi, eta hantxe ere ibilitakoa naiz". Baina bi zezen kozkor horiek kapotearekin eta muletarekin probatu nahi duela dio, "gehiago hazten direnean, hilabete batzuk barru".

Nafar kastako ganadua

Idiskoa Nafarroatik ekarria da, nafar kastakoa. Beste hamar behi ere Nafarroatik ekarri zituen, guztiak batera. "Hamar haietatik bat hil egin zitzaidan, eta hiru buelta eman ezinda dabiltza etorri zirenetik. Urtebete bada dagoeneko". Klimara ez dira egokitu etorri zirenetik, eta "piloa" jaten duten arren, ez dute pisurik hartzen. Gainontzekoak ongi omen daude, eta aparte ekarri zituzten Alcurrucen ganadutegiaren kastako batzuk urtebete txarra pasa zutela ere gogoratzen du. Jaten "gogoz" eman arren, asko argaldu ziren: "Jana ematen genien, baina pisu asko galtzen zuten hala ere. Bi urte dira ekarri nituela, eta orain behi ederrak dira, baina urte txarra pasatu zuten". Pericalvo batzuk ere badauzka, eta horietako bi, gainera, txahal zain daude.

Egun sei txahal ditu larreetan, eta ikuiluan gordeta beste sei. Beste hiru ere badauzka, baina "txarrak" direlako gizentzen dauzka; haragitarako, alegia. Izan ere, jotzeko joera ez dutenez, ez dute jolaserako balio. Eta horrek ez omen du "konpentsatzen"; beraz, jan egingo dituzte. Beste bi behi ere badauzka ikuiluan, salduta dagoeneko. Horiek ere haragitarako erabiliko ditu erosi dizkionak. "Hemen jaten bakarrik jarduteko alferrik daude".

Ikuiluan gordeta dauzkan sei txahalak herriz herri ibiltzen ditu, gaztexoen entretenimendurako. Herri batzuk pasatu ditu dagoeneko, eta bestelako animaliak ere eramaten ditu, haurren gozamenerako. Sei bat pottoka dauzka, eta haiek ateratzen ditu lehenbizi, ordu laurdenez edo, entretenimenduarekin hasteko. Horrez gain, bi basurdekume ere baditu baserrian, eta ikuskizunaren bigarrengo zatian haietako bat ateratzen du, gaztetxoak hura harrapatzen saia daitezen. "Normalean asmatzen dute, harrapatzen dute". Jolasak amaitzeko ateratzen ditu txahal txikiak. Herriaren arabera erabakitzen du zenbat atera. "Zenbait tokitan inor ez da ateratzen zezenetaraa, eta bestetan, berriz, pottokak eta basurdekumeak ateratzea alfer-alferrik izaten da, denak zezenen zain egoten baitira".

Ganaduarekin negozioa ez du helburu. Garbi du hori Lopenek. Hori ezinezkoa dela ere badaki, izan ere. Gustukoa duelako hartzen du eguneroko lan hori guztia; afizioagatik: "Nire nahia gastuak estaltzeko adina diru ateratzea da, ez dut gehiago nahi".