Azpeitiko dantzariek jantzi dituzte Gipuzkoako eta Euskadiko txapelak

Amets Amubieta eta Maialen Aldalur Gipuzkoako txapeldunak.

Larunbatean jokatu zen Trintxerpen dantza solteko Gipuzkoako txapelketa

Igandean, berriz, Euskadiko txapelketa jokatu zuten Bergaran

Asteburu emankorra izan da Azpeitiko dantzarientzat. Izan ere txapel eta garaikurrez beterik itzuli dira herrira Gipuzkoako eta Euskadiko santza solteko txapelketetatik. Luis Alberdi eta Aitor Sorazuren lau ikaslek lortu dituzte sariak asteburuan.

Larunbatean Trintxerpeko Gudarien plazan jokatu zuten Gipuzkoako Bikote Gazteen 56. Txapelketa. Igandean, berriz, Bergaran jokatu zuten Bikote Gazteentzako Euskadiko 34. Txapelketa.

Buru bete txapel

Maialen Aldalurrek eta Amets Amubietak iaz egin zutena errepikatu dute. Hala, bigarren urtez jarraian irabazi dute Gipuzkoako Dantza Solte Txapelketa, eta, iaz bezala, Euskadiko Txapelketan bigarren postua lortu du bikoteak.

Gipuzkoako txapelketan 16 bikote lehiatu ziren. Azpeitiarren atzetik, bigarren postua lortu zuten Ane Urruzola eta Asier Iriarte villabonarrak. Hirugarren sailkatu zen beste bikote azpeitiarra, Garazi Gurrutxagak eta Asier Ibargurenek osatutakoa.

Hurrengo egunean jokatu zuten Bikote Gazteen Euskadiko Txapelketa, eta hainbat herritatik joandako 17 bikotek hartu zuten parte bertan. Bezperan hirugarren egin bazuten ere, Bergaran Gurrutxaga eta Ibarguren izan ziren garaile. Bigarren postua lortu zuten Gipuzkoako txapeldunek, Aldalurrek eta Amubietak. Hirugarren postua, berriz, Urruzola eta Iriarterentzat izan zen, Gipuzkoako bigarrenentzat.

Sari berezia ere, Azpeitira

Euskadiko Txapelketan hamabi urtez azpikoentzako sari berezia eman zuten, eta hori ere azpeitiarrentzat izan zen. Izan ere, epaimahaiak Ioritz Galarragak eta Laura Olaizolak osatutako bikoteari eman zion saria.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide