Hemen gutxi, Nepalen asko

Uztarria.eus 2011ko api. 19a, 20:04
Nepaleko Bharosako umezurztegian bizi diren hainbat haur, joan den abenduan (MIRARI ASTIGARRAGA)

Aurten ere egingo dute Nepaleko umezurztegiei laguntzeko Futbol-7ko txapelketa

Child Bright Fundazioak han dituen proiektuak diruz laguntzeko eta Nepaleko haurren egoeraren berri emateko baliatu nahi dute txapelketa

"Hemen agian diru gutxi da, baina han -Nepalen- haur baten hilabete oso bateko gastuak asetzea suposatu dezake". Alderaketa hori egin du Mirari Astigarragak, Nepaleko umezurztegien alde Azpeitian egingo den Futbol-7ko txapelketaren antolatzaileetako batek, ekimen horretan eta urtean zehar egiten dituzten beste batzuetan ateratzen dituzten xoxen garrantzia azpimarratzeko. Txapelketa ekainaren 11 eta 12ko astebukaeran jokatuko dute Garmendipeko belar artifizialdun zelaian, eta 15 urtetik gorakoentzat izango da.

Iaz lehen aldiz egin zuten Child Bright Fundazioak Nepalen dituen proiektuak laguntzeko txapelketa. Hamabi taldek hartu zuten parte eta antolatzaileak "harrituta" gelditu ziren, Idoia Unanuek dioenez, Azpeitia kanpoko herri dezentetako taldeak inguratu zirelako. Aurtengorako, "ahal bada talde kopurua handitzea" dute helburu baina, batik bat, "ikusle gehiago inguratzea". Horixe izan da, nolabait esateko, aurreneko ediziotik gelditu zaien arantzatxoa.

Ekimen gehiago

Txapelketarako izen-ematearekin lortuko dute diruaz gain, jendea partidetara hurbiltzea eta, hala, Nepalen milaka umezurtzek bizi duten errealitatea ezagutzea nahi dute antolatzaileek. Gainera, eta osagarri modura, txapelketarekin batera tonbola bat antolatu nahian ari dira: "Horretan ari gara eta, dendariekin-eta harremanetan. Oraindik ez dakigu zer aterako den, baina bai eskertzekoa dela jendeak nola hartu gaituen. Bizi dugun garai txarrarekin, jende asko eta asko ari zaigu laguntzen; batzuk geu bila joan gabe hurbiltzen zaizkigu, gainera. Eskerrak eman beharrean gaude, laguntzarengatik".

Urtean zehar beste ekimen batzuk ere egiten dituzte Nepalerako dirua lortzeko; besteak beste, bigarren eskuko azoketan postuak jarri izan dituzte, "jendeak handik eta hemendik emanadko produktuekin".

Joan eta ikusi

Child Bright Fundazioa umezurztegi bati laguntzen hasi zen baina, gaur egun, hiru etxe laguntzen ditu: guztira 118 ume bizi dira haietan. Proiektu berri bat ere jarri nahi dute martxan, 16 urtetik gorako gazteei begira. "16 urte bete arte egon daitezke gaztetxoak umezurztegietan. Adin hori betetzen dutenean, ezar gabe gelditzen dira, eta gazte horiei ere irtenbideren bat ematea da orain asmoa", azaldu du Mirari Astigarragak.

Umezurztegietako haurrak elikatu, jantzi eta hezteko dirua behar da, eta diru hori Nepalera zuzenean helaraztea da aipatu fundazioak egiten duen lana. "Badakigu askotan jendearen beldurra izaten dela, ematen duten laguntzatik zer kopuru ailegatzen den azkenean behar duenarengana. Ba, guk lasai esan dezakegu hemen jasotzen dugun guzti-guztia iristen dela hara; honetan gabiltzan denok gara boluntarioak, inor ez da ari soldatapean", diote Chil Bright Fundazioaren laguntzaile azpeitiarrek. Bide batez, gure ingurutik Nepalera "jende asko joaten" dela eta, hara doazenak "animatu nahi" dituzte, nahi badute, fundazioaren umezurztegiak bisitatu eta hemengo laguntzarekin zer lortzen ari diren ikustera.