Altuna y Uriako lan batzordeak deituta, greba eguna izan dute gaur

Langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, enpresaren aurrean (IRENE ELORZA)

Lan egutegiaren negoziaketan sortu diren desadostasunen ondorioz mobilizatu dira langileak

Negoziazioak abian zirela langileak kaleratu dituztela salatu du ELA sindikatuak

Altuna y Uria enpresak lan egutegian egin nahi dituen aldaketen harira lan batzordeak greba deitu du gaurko. Langileen ordezkarien arabera, lan taldearen %50k egin du greba; enpresako zuzendaritzaren arabera, berriz, %10ak besterik ez du parte hartu mobilizazioan.

ELAk salatu duenez, lan egutegi berria negoziatzen ari diren bitartean enpresak hainbat kaleratze egin du. "Eraikuntza arloaren egoera txarra dela badakigu eta lan egutegia aldatzeko prest gaude baldin eta behin-betiko langileak kaleratzen ez badituzte", esan dute sindikatuko ordezkariek. Altuna y Uriak urteko sasoiari egokitutako lan egutegia ezarri nahi du, hau da, eguraldi ona eta argi gehiago dagoen hilabetetan ordu gehiago sartzea eta negu partean lanaldi murritzagoa ezartzea. Honenbestez, langileek 8 ordu eta 45 minutuko lanaldia izango lukete astelehenetik ostegunera, eta ostiral goizetan bost orduz jardungo lirateke lanean.

"Egutegian malgutasuna nahi du enpresak eta gu prest gaude hori onartzeko, horrela ordu extrak galtzen direla jakinda ere, baina baldintza bakarrarekin: behin betiko iruzurrezko kontratua duten langileak ez kaleratzea eta kontratuak dituzten langileen egoera egonkortzea", dio ELAk.

Altuna y Uria eraikuntza enpresak 310 langile ditu gaur egun. Horietatik 154k behin-betiko kontratua dute, 112k behin-behinekoa eta 54 langile errelebo kontratuarekin daude. Sindikatuak jakinarazi duenez, behin-behineko kontratua duten 112 langileen kontratuak "iruzurrezkoak" dira, hiru urtean behin kontratua eten eta berriro kontratatzen baitituzte. Egoera hori urteetan zehar luzatzen da hainbat kasuan, kontratuak "bata bestearen atzetik kateatuz". Bien bitartean, azpikontratatutako enpresei gero eta lan bolumen handiagoa ematen ari zaiela salatu du ELAk. "Legez" langile fijoak direnak fijo bihurtzea eskatzen diote enpresari, 112tik 70 inguru langileren kasua litzateke hori. Azaroan negoziazioa abiatu zenetik, enpresak egoera horretan zeuden 6 langile kaleratu dituela salatu du sindikatuak.

Biak negoziatzeko prest

Altuna y Uria enpresako finantza zuzendariak, bere aldetik, "lasaitasuna" eskatu die sindikatuei. Eraikuntza arloak bizi duen krisialdia dela-eta, enpresak hainbat antolaketa neurri ezartzen ari dela adierazi du, horien artean lan egutegiaren moldaketa. "Egutegi berriarekin, beharrezkoak diren ordu extrak bakarrik egitea proposatzen dugu, sindikatuek beti aldarrikatu duten bezala", azaldu dute Altuna y Uriako arduradunek. "310 langile dituen enpresa honetan ez da kaleratze masiborik egon, kontratua bukatu zaien langileen egokitzea besterik ez da egin".

Erakunde publikoen lan eskaintzaren murrizketa bortitzaren ondorioz "kontuak adostea" orain zailagoa dela esan du Azpeitiko enpresako finantza zuzendariak. "Enpresa ondo doa eta lehiakorrago izateko egutegi berria behar du", esan du. "Nahiz eta sindikatuak irtenbide zaileko dinamikan sartu diren, gu negoziatzera eseriko gara", gaineratu du.

Sindikatuek ere "elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua" egin dutela adierazi diote enpresari, atzo bidali zioten eskutitz baten bitartez.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide