Juan Carlos Arellano izango da berriro Aralarreko alkategaia

Uztarria.eus 2011ko mar. 29a, 15:03
Miren Garmendia, Juan Carlos Arellano eta Rebeka Ubera gaur, asteartea, egin duten aurkezpenean.

Bigarrengoz aurkeztuko da Aralarreko zerrendaburu

Miren Garmendia izango da zerrendan bigarrena

Juan Carlos Arellano izango da berriro Aralarreko alkategaia maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan. Arellanok berak gaur, asteartea, adierazi duenez, "esperientziaz jantzita gaude eta badugu zer egina eta zer esana, argi daukagu zer eta nola egin behar dugun". Gainera, ibilbidea "markatuta" dutela eta beraien ildoei "helduko" dietela jakinarazi du Arellanok.

Plan Orokorrarekin "ados ez" daudela eta hainbeste etxe ez direla behar esan du. Partaidetza indartzearen alde agertu da Aralarreko hautagaia eta mahaien garrantzia azpimarratu du. Krisia dela-eta, murrizketak egin behar direla ere gaineratu du: "Garai hauetan zuhur jokatu behar da eta gauza txukun eta zehatzak egiteko erabili behar da dirua".

Aralarreko zerrendan bigarrena Miren Garmendia izango dela ere adierazi dute aurkezpenean, eta Garmendia bera ere han izan da.

Aralar 2007an aurkeztu zen lehen aldiz udal hauteskundeetara, eta Azpeitian zinegotzi bat lortu zuen, 400 boto pasatxo eskuratuta.

Rebeka Ubera Gipuzkoako batzarkidea ere aurkezpenean izan da eta Aralar "alternatiba" izango dela eta "ez alternantzia" esan du. Egoera prekarioei-eta ezkerretik aurre egin behar zaiela ere gaineratu du. Uberak adierazi duenez, "Gipuzkoa abertzalea, aurrerakoia eta ezkertiarra da gehiengoz, eta jendeari alternatiba emango diogu, Gipuzkoari erantzungo diogu". Bukatzeko, Aralar "bermea" eta "konfiantzazko eragilea" dela adierazi du Uberak.