Joxi Imaz: "Bideo-jokoetan jolastuz ere ikas daitezke konpetentzia garrantzitsuak"

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 29a, 12:03
Joxi Imazek bideo jokoen arrikuez-eta hitz egingo du gaurko hitzaldian.

Kilometroen harira Azpeitiko Ikastolak antolatutako mahai inguruan hitz egingo du Imazek

Bideo jokoen arriskuez, aukerez, didaktikotasunaz eta arlo horretan Euskal Herriak dituen erronkez jardungo du

Joxi Imaz (Ibarra, 1972) soziologian lizentziatua eta doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Azpeitiko Ikastolak Kilometroen harira antolatu duen mahai inguru sortaren baitan , hezkuntzari eta bideojokoei buruz ariko da, gaur 19:00etan Sanagustinen.

Gizartea nahiko eszeptikoa da bideo-jokekin. Zein da bideo-jokoen didaktikotasuna?

Bi ildotakoa izan daiteke. Alde batetik, bideo-joko makarrenak edo txarrenak ere aztertu litezke kritikoki, ikuspegi hezitzaile batetik. Telebistako programa txarrena ere azte daiteke, eta ikusi zergatik den txarra. Hau da, gauzarik txarrenarekin ere erakuts daiteke pantailak ikusten, haiei barrenak ateraten eta dekonstruitzen. Bestetik, pantailekin ere ikas daiteke. Horren harira, badaude joko kritikoak eta serioak. Eta joko komertzial batzuekin ere gauzak ikas litezke. Adibidez, Civilization jokoa, historiaren ingurukoa, laguntza material gisa erabil daiteke, estrategia pedagogiko baten baitan.

Bideo-jokoen arriskuez hitz egiten da sarri. Horretaz jardungo duzu, ezta?

Bai. Jarrera txarrak bultzatzen dituzte, eta hori aipatzea egokia da; indarkeria, sexismoa, itxaroten ez jakitea, kontsumismoa, indibidualismoa edo adikzio arriskuak, esaterako. Baina Kilometroak testuinguru, zera nabarmendu behar da: bideo-jokoek kultura homogeneotzeko duten arriskua. Denok bideo-joko ber-berekin jolasten dugu, hemen, Madrilen, Bartzelonan edo Kalifornian. Horren aurrean, galdera hau egin beharko genuke: Zer egin dezakegu Euskal Herritik gure ezaugarri bereziei eusteko gizarte berri honetan ere.

Zeintzuk dira bideo-jokoek eskaintzen dituzten balio positiboak?

Orokorrean jolasa beti izan da garrantzitsua. Jolasa ez da jolasa bakarrik, horren bidez ere gauza asko ikasten da. Lehen, naturarekin zuzeneko harremana genuenean, naturatik ikasten zen. Gero, hirian, bigarren espazio deiturikoan, jolas egiten zen. Eta orain, hirugarren espazioan bizi gara, mundu birtual digitalean. Eta horretan ere konpetentzia garrantzitsuak jolastuz ikas daitezke, alfabetizazio digitalari dagokionean. Lehen literarioa edo numerikoa zen alfabetizazioa, eta orain behar den alfabetizazioa digitala da. Jokoek lagun dezakete, adibidez, medikua izateko bidean. Izan ere, pantailetan egiten dira ebakuntzak. Era berean, simulazioetan ikasten da hegazkinak gidatzen. Horrez gain, bestelako ekarpenak ere badituzte: taldean jolas egiten da, eta kanpoko jendearekin harremanak izatea ahalbidetzen dute. Pedagogian ere pantailak erabil daitezke, helburu didaktikoetarako. Horri harreta jarri behar diogu, pantailen munduan bizi garela konturatu.

Bideojokoen bidez sortzen diren harremanak, kanpoko jendearekin sortzen diren horiek,adibidez,zenbateraino dira errealak?

Harreman moduak aldatu dira, egia da hori. Azalekoak izan daitezke batzuetan, baina lehen ez genuen harremanik Alemaniako batekin, ez zuzenekoa eta ez azaleko. Orain behintzat badugu. Bestetik, harreman hauek ez dituzte askotan harreman zuzenak ordezkatzen. Sare sozialen kasuan, arratsaldean edo parrandan gertatu dena hurrengo egunean pantailan errepasatzen da. Beraz, haiek indartzen dituzte. Azkenik, ez dezagun iragana idealizatu; ez dezagun pentsa lehen harremanak guztiz sanoak eta horizontalak zirenik. Lehen ere bazen bakartuta bizi zen jendea, autoritarismoa eta jerarkia ere bazen. Ez dezagun pentsa pantailarik gabe hobeto bizi ginenik, eta harremanak hobeak zirenik.

Ezezagunari zaion beldurra da, agian, pentsakera horien arrazoi.

Hori da. Ezagutu egin behar da, gutxienez. Ondoren, aukerak aprobetxatzen eta arriskuekin tentuz ibiltzen saiatu behar dugu, horiek ekiditen saiatzeko.

Euskararen eta euskal kulturaren arlotik, zer lan aurreikusten da pantailen munduan?

Euskal kulturaren eta hezkuntzaren arlotik ere esku hartzen saiatu behar dugu, gure interesetarako. Ez da erraza. Izan ere, merkatu hau mundu mailakoa da, globala, eta produktu onak diru asko balio dute. Batetik, jada badagoena itzul daiteke. Baina ez dago, alde horretatik, laguntza handirik, ez baikara merkatu kuotetara iritsi. Hemen ezin ditugu 10.000 ale saldu. Bestik, geure produktuak sor genitzake; hemen kokatuta dauden jokoak, hemengo gaiak jorratzen dituztenak, adibidez.