Udalak laster aterako du Sanagustin kulturgunearen kudeaketarako deialdia

Sanagustin "uneoroko kultur erreferentzia" izateko proiektua osatu beharra dagoela onartu zuen Kultur Mahaiak abenduko batzarrean, eta Udalari gestiorako deialdia ateratzeko eskatu zion

"Eskaintza integrala izanda (kultur jarduerak, ostalaritza) jende gehiago joango da; diru iturri handiagoak izateak kultur programazio aberatsagoa izatea ahalbidetuko du", dio Azpeitiko 25 kultur taldeen Mahaiak

Azpeitiko Udalak egun gutxi batzuk barru aterako du Sanagustin kulturgunearen kudeaketari buruzko deialdia, eta handik aurrera hogei eguneko epean proiektuak aurkeztu ahal izango dira. Hain zuzen, Udalak lehengo asteko osteguneko udalbatzarrean onartu zituen deialdiko arauak. Horien arabera, batetik, Sanagustinek kultur eta ostalaritza zerbitzuak izango ditu, eta bestetik, Udaletik kanpoko gestioa izango du.

Gehiengo osoz onartu zuen Udalak deialdia ateratzea: hautetsi independentistek, EAk eta Aralarrek alde bozkatu zuten, EAJk kontra. EAJk zioen goiz dela kulturgunean horrelako aldaketa egiteko, abenduaren 11n ireki zela kontuan hartuta. Haren arabera, urtebetera aztertu beharko litzateke, ez orain; izan ere, oraindik kulturgunean gabezi batzuk daudela dio EAJk (aforoa, kontu tekniko batzuk...).

Kultur Mahaiak egindako proposamena da

Gaur egun Sanagustin ekitaldiko baino ez da irekitzen. Ekimenik ez dagoenean, itxita izaten da. Sanagustinek "uneoroko bilgune erreferentziala" izateko aukerak dituela kontuan hartuta, ustiaketan pauso bat eman, eta "eskaintza integral bat" egiteko proposamena egin zion Kultur Mahaiak Udalari: kultur eta ostalaritza zerbitzuak izatea.

Sanagustinen kultura ardatz; ostalaritza, diru iturri

Mahaiak beti esan izan du Sanagustinek ostalaritza zerbitzua izanda ere hura kulturgunea izango dela, kultura izango duela ardatz, eta ostalaritza diru iturri bezala hartu behar dela, "kultur programazio aberatsagoa izateko". Gainera, horrek "Udalarentzat Sanagustin gastu ekonomikoa ez izatea ahalbidetuko luke".

Euskal Herrian dagoeneko hainbat lekutan dago antzeko kulturgunea (Bilbon, Durangon, Bermeon, Elgetan, Ondarroan edota Donostian kafe antzokiak, esaterako), eta funtzionatzen dutela diote. Azpeitiko Kultur Mahaia Durangoko Plateruena Kafe Antzokiarekin hartu-emanetan da duela hilabete batzuetatik.

Udal taldeekin bilerak azarotik

Hain zuzen, joan den azaroaren 4an egin zuen Mahaiak horretaz lehen bilera udal taldeekin, Kultura Batzordeko kideekin. EAJ (Ana Mendizabal eta Jabier Altuna azaldu ziren), hautetsi independentistak (Leire Lazkano, Arantxa Isart), EA (Mikel Ibarzabal) eta Aralarrekin (Juan Karlos Arellano) batzarra egin zuen udaletxean. Julian Eizmendi alkatearekin ere bildu zen Kultur Mahaia azaroaren 10ean. Geroztik ere izan ditu haiekin hartu-emanak.

Kultur Mahaiko batzarraren onarpena

Kultur Mahaiak abenduaren 1ean egin zuen proposamena bozkatzeko batzarra: 22 taldek aldeko botoa eman zuten, batek ezezkoa, bik txurizkoa.

Ondoren, Mahaiak proposamena ofizialki Udalari luzatu zion, eta honen Kultura Batzordeak abenduaren 9an ontzat jo zuen. Ondoren hasi zen Udala Sanagustinen kudeaketarako deialdia lantzen; martxoaren 3an onartu zituen.

Kultur Mahaiaren arrazoiak Sanagustin osatzeko

Kultur Mahaiak idatzi bat egina du Sanagustin osatzeari buruz. Hona hemen laburpena.

1. Sarrera.

  • Udala 1994an jabetu zen Sanagustinez. Obren fasea 1998an hasi zen. 2010eko abenduan ireki zen Sanagustin, kulturgune gisa.
  • Sanagustin hobetzen segitzeko aukera dago.
  • Askotariko erabileraz baliatu kultura indartzeko.

2. Eskaintza integrala.

  • Sanagustin uneoroko bilgune erreferentziala izateko, ustiaketan pauso bat eman, eta eskaintza integral bat egin: kultur programazioa eta ostalaritza zerbitzua (taberna, jatetxea).
  • Ahalmen ekonomikoaren bidez, kultur ahalmena lortu.
  • Sanagustin, kultur plaza ez ezik, aisialdi gunea ere bai.
  • Eskaintza integrala emanda jende gehiago joango da. Diru iturri handiagoak. Kultur programazio aberatsagoa izatea ahalbidetuko du.
  • Gestio enpresak hartu bere gain kostuak: ostalaritza obrak, gastu arruntak (argia, ura…), kultur programazioa, plantilla. Udalarentzat Sanagustin zama ekonomikoa ez izatea. Erabateko autofinantzazioa lortu.
  • Besterik: Soreasurekin sinergien optimizazioa / Balizko diru irabaziak kulturara / Parte zaharra biziberritzen laguntzeko proiektua da / Sanagustinen lanpostu berriak / Beste esparru ekonomikoekin elkarlana.
  • Oinarriak: dinamikoa, parte-hartzailea, zabala, herriko taldeen plaza…

3. Udalarekin hitzarmena.

  • Udala eta Sanagustineko gestio erakundearen artean hitzarmena egin: Udalak eraikinaren jarraipena egiteko, udal ekitaldiak han egingo direla bermatzeko...
  • Kultur Mahaia aurkeztu egingo da deialdira, proiektua eginda. Herriko 25 kultur taldeak daude Mahaian.

4. Ekitaldi gehiago.

  • Sanagustinen ostalaritza zerbitzua izanda, mugimendu handiagoa egongo da: kultur ekitaldi gehiago antolatuko dira, eragileekin harremanak, euskara gehiago sustatzeko aukera… Herri nortasuna indartzeko espazioa.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide