Juanjo Olaizola Trenbidearen Lagunen ohorezko bazkide izendatu dute

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2011ko mar. 10a, 17:03

Tren Museoaren zuzendariak Madrilen jaso zuen izendapena joan den igandean

"Olaizolaren lanaren onarpena eta babesa sendotzen lagundu nahi luke" Trenbidearen Lagunen Erakundeen Espainiako Federazioak

Juanjo Olaizola, Azpeitian dagoen Euskal Burdinbidearen Museoaren zuzendariak, Trenbidearen Lagunen Erakundeen Espainiako Federazioaren ohorezko bazkide izendapena jaso du. Joan den igandean, martxoaren 6an, Madrilgo (Espainia) Delicias geltokiko museoan egindako Batzar Orokorrean izendatu zuten ohorezko bazkide.

Izendapenaren arrazoi nabarmenenak dira Azpeitiko Euskal Burdinbidearen Museoa martxan jartzeko egindako lana, burdinbideari buruz argitaratutako hainbat liburu eta artikuluren bitartez egindako dibulgazio lana eta Espainiako eta Portugalgo trenbideen lagunen artean erreferente izatea.

Federazioak 16.000 bazkide ditu, ia 100 elkartek ordezkatuta, eta guztiek aho batez onartu dute Olaizolaren izendapena. Honekin, "babesa agertzeaz gain" eratu berri den Euskal Trenbideen Fundazioko patronatuaren partetik "Olaizolaren lanaren onarpena eta babesa sendotzen lagundu nahi luke" Trenbidearen Lagunen Erakundeen Espainiako Federazioak.

Olaizola museoaren zuzendari kargutik kentzeko erabakia hartu zuten Eusko Treneko arduradunek, berria izendatu bitartean karguan mantenduko duten arren. Erabaki horrek aurkako erreakzioak sortu ditu, besteak beste, Azpeitiko Udalarena.