Joan Mari Etxeberria: "Elizarekin harremanak era askotakoak izan daitezke"

Joan Mari Etxeberria (OLATZ PRAT)

Urrestillako parroko ohiak zuzendari-kudeatzaile kargua onartu du Donostiako Seminarioan

Igandean, urtarrilak 16, agurra egingo diote 28 urtez eliztarrak izan dituenek

Joan Mari Etxeberria (Azpeitia, 1944), Urrestillako, Matxinbentako eta Nuarbeko parroko izan da azken urteetan eta orain, Gotzaindegiak Seminarioko zuzendari-kudeatzaile postua skainita, utzi egingo du parroko lana, nahiz eta hilabete batzuetan meza ematen jarraituko duen.

Nola hasi zen elizarekiko zure harremana?

Azpeitian bizi izan nitzen 12 urte arte, Maristetan ibili nintzen eta ondoren seminariora joan nintzen. Saturraranen egin nuen urtebete, eta ondoren Donostiara etorri nintzen. Hemen 11 urtez Giza Zientziak eta gero Filosofia eta Teologia egin ondoren, 1968an apaiztu nintzen. Orduan Tolosara bidali ninduten eta lau urte egin nituen han.

Zuzenbidea ikasi zenuen ondoren. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Tolosatik Donostiara ekarri ninduten, unibertsitario talde batekin lan egiteko. Bokazio aldetik zalantzak zituzten gazteak ziren eta horiekin bizitzen jarri nintzen. Aldi berean esan zidaten neuk ere haiekin bat errazago egiteko karrera bat egiteko. Pozik hartu nuen kargu hori, eta Zuzenbidea ikastea erabaki nuen. Karrera amaitu nuen EHUn, eta 1977an Salamancara joan nintzen zuzenbide kanonikoko ikasketak egitera. Bi urte baino gutxiagoren buruan, hona itzuli eta Gotzaitegiko Auzitegian kargua eman zidaten, batez ere ezkontzen inguruko auzietan lan egiteko. Garai hartan, bananketa kausak eta ezkontza baliogabetasunak ematen genituen, ez zegoen dibortziorik artean. Ondoren, banaketak zibilera pasatu ziren eta gu baliogabetasunekin gelditu gara.

Zuzenbideko irakaslea ere izan zara unibertsitatean.

Hamalau urtez EHUn irakasle izan naiz. Lehenbiziko hiru urteetan zuzenbide kanonikoa irakasten nuen eta ondoren zuzenbide zibila erakutsi dut, duela urte gutxi erretiratu nintzen arte.

Noiz hasi zinen Urrestilako parroko lanetan?

1982an, artean unibertsitateko lanetan nenbilela. Ordutik han egon naiz. Duela 14 urte eman zidaten Matxinbentako parrokia eta duela 8 urte Nuarbekoa. Urte hauetan Donostian bizi izan naiz igande arratsaldetik ostegun arratsaldera bitartean, eta ostirala, larunbata eta igande goiza parrokietan egin dut.

Nolakoa izan da auzo hauetako esperientzia?

Pozgarria izan da. Aste berean bi bizimodu erabat desberdinak ziren, baina osagarriak, era berean. Irakaskuntza lanetan asko nekatzen nintzen eta parrokietara joateak deskantsua ematen zidan, jendearekin egoteak. Erraz konektatu dut bertako jendearekin, bertakoa bainaiz. Nire aita urrestildarra zen eta amarekin ezkondu zenean Urrestilan jarri ziren bizitzen. Eta han izan zituzten lehen semeak. Ni neu Azpeitian jaio nintzen arren, odolean asko baitut urrestildarretik. 28 urtez egon naiz bertan.

Nola aldatu dira auzoak eta parrokiak urte hauetan guztietan?

Izugarri aldatu dira, batez ere Urrestilla. Hazi egin da, jende berria etorri da eta horrek jendearen izaera edo portaera aldarazi du. Etxe berri asko egin da, eta gu geu ere saiatu gara parrokia bera berritzen; nire lan garrantzitsuenetakoa hori izan da. Dena den, sabaia margotzeko dago oraindik. Apaiz etxea ere lortu zen; apaizetxe zaharra zegoen eremua kontratista bati saldu eta hark egin zituen etxebizitzetako bat eta azpialdeko lokala eman zion Parrokiari. Orain, Parrokiak Udalari utzia dio lokal hori bertako adinekoentzako txokoa egin dezan. Parrokiak, alderdi horretatik, Urrestillari laguntza ona eman diola uste dut. Elizari dagokionez, Urrestillan jaiotzen ziren denak bataiatzen ziren eta denek egiten zuten jaunartzea. Ezkontzen ziren guztiak ere elizaz ezkontzen ziren, eta gaur egun hori aldatu egin da. Beraz, gero eta jende gutxiago etorri da elizara. Baina, oraindik, momentu zehatzetan eta jai handietan jende asko etortzen da.

Horren aurrean neurri berezirik edo asmo zehatzik izan al duzue?

Bai, batez ere aprobetxatu nahi izan dugu sendotzako sakramentua indartzeko eta gazte gehienak etorri dira, baita konfirmatu ere. Baina, konfirmatu ondoren ez dira elizara etorri, beraz, lan horrek ez ditu nahi genituen fruituak eman. Dena den, urte hauetan guztietan, Urrestillako familia denak bisitatu ditut, batzuk behin, besteak sarritan eta hartu-eman hori hor dago. Elizarekin harremanak era askotakoak izan baitaitezke eta harreman pertsonal hori oso aberasgarria da. Familiak ezagutzen ditugu, pertsonen arazoetatik gertu egoten saiatzen gara, laguntzen saiatzen gara eta abar. Hori kalean ikusten ez den lana da, baina lan garrantzitsua da.

Matxinbentan eta Nuarben zer ikusi duzu?

Horietan etorkizuna ilunago ikusten dut. Ez dago lantegirik, ez dago zerbitzurik... Gazteak hurbilduko dira hara gurasoak han dituzten bitartean, jatera edo lotara. Baina ondoren agian ez.

Herri txikietan igaro dituzun urteen zein balorazio egiten duzu?

Balorazio oso positiboa egiten dut. Egiteko gelditu dena da gazteekin beste pastoraltza bat lantzea. Baina gazteekin lana egiteko gaztea izan behar da, eta ni aurrera noa adinean. Urrestilan beti izan dut batzorde oso ona, eta asko lagundu izan didate beti haiek. Diru kontuetan, adibidez, ez dut neuk bururik nekatu behar izan, haiek ematen baitzituzten kontuak.

Zer dela eta amaitu da aldi hau?

Bada, seminarioko zuzendari-kudeatzaile izendatu nautelako. Kargu hori eskaini zidaten urrian, eta onartu egin nuen. Orduan esan zidaten urte bukaera arte izango nintzela parroko eta berria izendatzean, oraindik ere mezak eman beharko nituela, berriak beste nonbaiten eman behar dituelako. Beraz, uda aldera arte izango naiz meza ematen, baina parrokoa hura izango da. Uste dut parroko berriaren izendapena ere atzeratu egin dela, gainera.

Zein izango da, orduan,zure eginkizuna seminarioan?

Lehen zuzendari-kudeatzaile honen figura ez zegoen; apaizgaien ardura zuen erretoreak zuen lan hori. Baina gaur egun apaizgairik ez dagoenez, izena aldatu diote. Azken finean, seminarioaren barruan dauden hamaika instituzioren koordinatzaile nagusi moduko zerbait izango naiz. Niretzat lantegi berria da, baina, gustura nago. Ikusi beharko da zenbat lan ematen didan honek. Gotzaitegiko auzitegian jarraituko dut, gainera. Horrenbeste urtez hor egon ondoren, uste dut ezin dela hori utzi, kateatuta nauka. Azken finean, auzitegi honetara aurpegidun eta begidun pertsonak etortzen dira, kezkak eta egoerak azaltzera, eta irtenbiderik ba al duen ala ez galdetzera. Horiei ematen zaien laguntza benetan ona izaten da, eta zuk ikusten duzu benetan on egiten ari zarela. Hori benetan asegarria da.

Jose Inazio Munilla izendatzearekin Elizbarrutian urak harrotu ziren. Zer moduzkoa da orain giroa Gotzaitegian eta Elizbarrutiarekin?

Gotzaitegian giro ona daukagu. Jakin badakit Elizbarrutian tira-birak izan zirela eta oraindik ere badirela. Baina horrela daude gauzak. Hemen giroa ona da.

Antonio Lesaka eta Moxorrori ere agur

Duela hiru urte, herrian 25 urte egin zituenean omendu zuten urrestildarrek Etxeberria. Oraingoa "agurra" izango dela dio berak. Igande honetan, urtarrilak 16, egingo diote agurra, Antonio Lesaka sakristaua eta Jose Maria Altuna Moxorro Urrestilako abesbatzako zuzendari eta tenore izandakoarekin batera. Horiek ere utzi egingo baitituzte azken urteetan Urrestillako parrokian egin dituzten zereginak. Hori hala, 12:00etan meza egingo dute Urrestilako parrokian, eta ondoren Azpeitiko Hotel Loiola jatetxean bazkaria egingo dute herritarrek.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide