Etxean konposta egiteko bigarren kanpaina abian da

Urola Kostako Hitza 2011ko urt. 12a, 20:01

Aurreko kanpainan "espero baino familia gutxiagok" eman zuten izena, Urola Erdiko Mankomunitatearen esanetan

Ekimenean parte hartu nahi duenak hilaren 18a baino lehen eman behar du izena

Urola Erdiko Mankomunitateak etxean autokonposta egiteko bigarren kanpaina jarri du abian Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Bidegoianen, Errezilen eta Zestoan. Mankomunitateak adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin hasi zuen aurreko kanpainan "espero baino familia gutxiagok" eman dutela izena. Hori hala izanik, mankomunitateak bigarren aldiari ekin dio, eta ekimenean parte hartu nahi duenak hilaren 18a baino lehen eman behar du izena. Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorrerako Sailak autokonpostajearen bidez "zaborra gutxitzea" eta "lorategiko edo baratzeko konposta lortzea" dute helburu.

Arduradunek adierazi dutenez, Gipuzkoan lau kideko familia baten etxean sortzen den 300 kilo zabor organiko "norberaren erabilerarako izan daitekeen" 75 kilo konpost bihurtu daiteke.

Izena, hilaren 18a baino lehen

Kanpaina parte hartzen duenak etxerako konpostagailua, formazioa, konpostatzeko eskuliburua eta aholkularitza zerbitzua jasoko ditu, eta Gipuzkoako Konpostagileen Sarean sartuko da.

Kanpainan parte hartu edota gaiaren inguruko informazio gehiago nahi duenak 08:30etik 14:00etara 943 670249 telefonora deitu, edo www.urolaerdia.org-ea bisitatu dezake.