Juanjo Olaizolak ez du kargugabetze jakinarazpen ofizialik jaso

Azpeitiko Tren Museoko zuzendariaren abokatuak ezeztatu egin du atzo hainbat komunikabidetan agertutako informazioa

Modu berean, "agertu diren gauzak hor" daudela eta "gauzak argitzeko eta bilera egiteko zain" daudela adierazi du

Eusko Trenek Juanjo Olaizola Azpeitiko Tren Museoko zuzendaria kargutik kendu duela jakinarazi zuten atzo hainbat komunikabidek. Olaizolaren abokatu Aitzol Aslak, ordea, informazioa ezeztatu egin du, kargugabetzea jasotzen duen "jakinarazpen ofizialik ez" dutela jaso esanez: "Zerbait dagoela argi dago, gauza hauek atera diren momentutik, baina guk ez daukagu inolako jakinarazpen ofizialik. Hori dela-eta, ez dugu deklaraziorik egin nahi".

Gainera, "prentsan-eta agertu diren gauzak hor" daudela eta "gauzak argitzeko eta bilera egiteko zain" daudela adierazi du Aslak. Dena den, datorren astean edo gauzak argitzea espero dute.

Olaizolaz galdetuta, "lasai" dagoela eta "lanean jarraitzea espero" duela esan du Aslak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide