Aurten ere Caritasi emateko dirua bilduko du EAJk

Abenduaren 18an eta 19an mahaiak jarriko dituzte plaza Nagusian, Sanjuandegin, Urrestillan, Loiolan eta Jose Artetxe kalean

Iaz 3.000 eurotik gora jaso zituzten, ekimenaren estreineko urtean

"Gabon jai hauetan zertxobait gutxiago gastatu eta diru horrekin Azpeitian beharrean diren familiei laguntzeko gonbidapena" luzatu die herritarrei Azpeitiko EAJren Uri Buru Batzarrak. Izan ere, eta bigarren urtez jarraian, diru-bilketa egingo du EAJk, Caritasi eman eta haiek beharrean direnen artean bana dezaten. Iaz 3.000 eurotik gora jaso zituzten, ekimenaren estreineko urtean

Abenduaren 18an eta 19an, larunbata eta igandea, egingo dute diru-bilketa. Horretarako, bost mahai jarriko dituzte, herriko beste horrenbeste txokotan. Larunbatean, hilak 18, plazan egongo dira EAJkoak 12:30etik 13:30era, eta Sanjuandegiko jubilatuen taberna atarian 13:00etatik 14:00etara. Igandean berriz, hilak 19, Loiolako basilika aurrean 12:00etatik 14:00etara, Urrestillako parrokia atarian 12:30etik 13:30era, Jose Artetxe kalean (Juantxo Txiki eta Pastorkua tabernen inguruan) 12:30etik 14:00etara, eta Sanjuandegiko jubilatuen taberna aurrean 13:00etatik 14:00etara jarriko dituzte mahaiak.

Aipatutako bi egunetan jarriko dituzten mahaiak ez ezik, Kutxan eta Euskadiko Kutxan ireki dituzten kontu korronteak ere baliatuko dituzte EAJkoek diru-bilketarako. Ekimenaren informazioa jasotzen duen eskuorria banatzen ari dira egunotan etxez etxe, eta bertan agertzen dira bi kontuen zenbakiak, inork erabili nahi baditu.

EAJk San Tomas egunez, abenduaren 21ean, emango dio biltzen duen dirua herriko Caritasi.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide