Uhartea?

Erreserba izango da, baina han ere euroak agintzen du. Azpeitiko alkatea kexu da, Urola bailara uharte bat dela, errepide nagusietatik aparte geratzen ari dela, enpresak aztoratuta daudela, ez dutela garraiobide egokirik, ekonomia ez dela nahi bezainbat hazten. Eta ez du arrazoi faltarik, ekonomia beti hazten da gutxi asko daukanarentzat. Diruak mugimendua behar du, itsulapikoan gordeta jai dago. Eta dirua garraiatzeko, trena behar da orain.

Momentuz 120.000 euro behar dira, trena jartzerik ba ote dagoen aztertzeko; bideragarritasun plana esaten zaio, diruak bideratzeko erabiltzen delako. Zumaia eta Azpeitia arteko bidea egingo luke, antza, tren berriak, eta merkantziak ekarri eta eramateko izango litzateke batik bat. Txatarra, burnia, jendea: merkantziak.

1986an itxi zuten Urolako tren zaharra. Leihoak ireki egiten ziren, arnasa har zitekeen aire egokituen beharrik gabe. Julen Lamarainek, Aizarnazabalgoa izanagatik, buruz zekizkien geltokiak: Zumarraga, Villarreal de Urrechua, Aguinaga, Aizpurucho, Olozaga, Azcoitia, Loyola, Azpeitia, Lasao, Cestona Balneario, Cestona Villa, Iraeta, Arrona, Zumaya Empalme. Ba ote zekizkien Azpeitiko alkateak?

Muturrera egiten digute barre.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide