Azpeitiko lau jatetxek irisgarritasun zigilua jaso dute

Uztarria.eus 2010ko abe. 14a, 12:12

Mikel Uria, Kiruri, Jai Alai eta Larrañaga jatetxeak saritu dituzte

Ezinduak diren edo arazoak dituzten pertsonentzat ondo prestatuta daudelako jaso dute zigilua

Mikel Uria, Kiruri, Jai Alai eta Larrañaga jatetxeek irisgarritasun zigilua jaso dute. Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Komertzio eta Turismo Sailak antolatutako Irisgarritasun Programaren bidez lortu dute zigilua.

Irisgarritasun Programaren baitan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako establezimentu desberdinen diagnosia egin dute. Horretarako, establezimentuak ezindu fisiko, organiko nahiz intelektual, zein entzumen eta ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat nola dauden prestatuta baloratu eta bakoitzari puntuazioa eman diete. Bost arlo horien araberako puntuazioa jaso dute Azpeitiko lau jatetxeek ere eta, onenen artean sartu direnez, irisgarritasun zigilua jaso dute.