Bertanek antolatutako elkarretaratzearen aurrean

Herriko zenbait taberna eta dendatan gertatutako lapurreten ondorioz, eta beraien ustetan egoera horrek sortzen dien segurtasunik ezaren sentsazioaren aurrean, Bertan Merkatari Elkarteak egin duen deialdia ikusita, Azpeitiko Udalak honako gogoeta hauek egin nahi ditu:

  • Iruditzen zaigu une hauetan sortu den alarmak ez duela hainbesteko justifikaziorik, eta uste dugu horrek ordena publikoa zaintzearen ardura dugun estamentuoi (Udala, Udaltzainak eta Ertzantza) merezi gabeko gutxiespena dakarkigula.
  • Eskuetan ditugun datuen arabera, argi eta garbi ikusten da Azpeitian dugun ondarearen aurkako (dagokigun honetan, taberna eta denden aurkako) delituen indizea moderatua dela, eta edonola ere, konparazioan, mugakide ditugun eskualdeetako eta Gipuzkoako batez bestekoa baino txikiagoa.
  • Segurtasun arloan denok jarri dezakegu gure aletxoa. Hauek dira eman ditzakegun zenbait aholku:
    • Egunero aztertu denda eta merkataritza-establezimenduetako detektagailu eta alarmak, azken aldian egin diren lapurretetan ez baitute jo, hainbatek jarrita izan arren.
    • Komeni da gertakaria gertatu eta berehala salatzea Udaltzainetan, eta ez hainbat egun igaro ondoren, zenbaitetan gertatzen den moduan.
    • Berehala deitu Udaltzainei, prebentzio moduan, norbaitek jende susmagarria dabilela somatzen baldin badu.
    • Etxetik irten behar denean, atea giltzaz itxita utzi, bi bira emanda.
  • Edonola ere, berriro adierazi nahi dugu, gaur eguneko egoera ez dela alarma soziala sortzeko adinakoa, eta berretsi Ertzaintzarekin batera lanean jarraituko dugula, buru-belarri, Azpeitian ez dadin igo delinkuentzia-indizea, eta, ahal bada, jaitsi dadin.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide