Laburrago, baina kalitatezkoak

Uztarria.eus 2010ko aza. 4a, 18:11
Galarza eta Egaña (Oihulari Klown), Mendizabal, Egaña eta Eizmendi, Topaketen aurkezpenean.

Bihar, azaroak 5, hasiko dira XVIII. Euskal Antzerki Topaketak, Landaberri Antzerki Eskolaren Klownkidetza lanarekin

Lautik hiru asteburura murriztu dituzte emanaldiak, krisia tarteko

Bihar, azaroak 5, hasiko dira XVIII. Euskal Antzerki Topaketak, Landaberri Antzerki Eskolaren Klownkidetza lanarekin. Izarraitz pilotalekuan izango da hitzordua, 21:30ean. Aurtengo Topaketak gaur eguerdian aurkeztu dituzte udaletxean, eta iraupenean izango dute berrikuntzarik aipagarriena: lautik hiru asteburura murriztu dituzte emanaldiak, krisia tarteko. Ohi baino laburragoa izango da, beraz, aurtengo edizioa, "baina kalitatea mantenduz eta maila handiko antzezlanekin", Ana Mendizabal Udaleko Kultura eta Euskara batzordeburuak nabarmendu duenez.

Mendizabalekin batera eseri dira aurkezpeneko mahaiaren bueltan Eguzkiñe Egaña, aurtengo kartel lehiaketaren irabazlea -honek ekitaldian jaso du dagokion 900 euroko saria-; Gurutze Eizmendi, Ane Arenas eta Erika Olaizola, azaroaren 13an Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerreko kide gisa (Lo)turak antzezlana taularatuko dutenetakoak; eta Oihulari Klown taldeko Maider Galarza eta Andoni Egaña. Azken biek sketch bat ere antzeztu dute udaletxeko Pleno aretoan, azaroaren 21ean Izarraitzen estreinatuko duten Xake antzezlanaren aurrerapen modura.

Egitaraua

Dagoeneko etxeetara banatu duten XVIII. Euskal Antzerki Topaketen egitarauak aldaketa aipagarri bat izango du. Hortzaka taldeak azaroaren 18an Gaztetxean eman behar zuen Kale edo bale antzezlana -aurtengo ediziorako iragarritako bi estreinaldietako bat- bertan behera gelditu dela jakinarazi dute gaurko aurkezpenean. Bere lekuan, Txirene taldearen Ogiyik karri etzuen semia ikusteko aukera izango da.

Horrenbestez, Oihulari Klownena, Topaketen azken emanaldia, izango da edizio honetako estreinaldi bakarra. Horrez gain, Topaketen bigarren asteburuan talde amateurrek hartuko dute; tartean izango da Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrekoek azaroaren 13an taularatuko duten (Lo)turak. Kale antzerkiak ere izango du tartean, azaroaren 21, En la lona taldearekin. Eta, urtero bezala, antzerki eskolarik ere ez da faltako.

Hauxe da XVIII. Euskal Antzerki Topaketen egitaraua:

  • Azaroak 5, ostirala: Klownkidetza (Landaberri Antzerki Eskola). 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.
  • Azaroak 6, larunbata: Arrastoa (Txalo). 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.
  • Azaroak 7, igandea: Antartikako lorea (Erre Produkzioak). 18:00etan, Izarraitz pilotalekuan.
  • Azaroak 12, ostirala: Zer diyon? (Itzurungo Uhuinak). 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.
  • Azaroak 13, larunbata: (Lo)turak (Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerra). 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.
  • Azaroak 14, igandea: Isladak (Taupada Antzerki Taldea). 19:30ean, Izarraitz pilotalekuan.
  • Azaroak 15, 16 eta 17 (astelehena, asteartea eta asteazkena): Eskola antzerkia. Azpeitiko Ikasberri Ikastola, Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxea, Donostiako Zurriola Ikastola, Bilboko Kirikiño Ikastola eta Lasarte-Oriako Landaberri dira parte hartuko dutenak.
  • Azaroak 18, osteguna: Ogiyik karri etzuen semia (Txirene). 21:30ean, Gaztetxean.
  • Azaroak 19, ostirala: Errautsak (Le Petit Theatre de Pain eta Artedrama). 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.
  • Azaroak 20, larunbata: Demode Quartet (ZPT). 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.
  • Azaroak 21, igandea:
    • Exodo (En la lona). 18:00etan, plaza Nagusian.
    • Xake (Oihulari Klown). 19:30ean, Izarraitz pilotalekuan.