Amaia Agirretxe: "Palestina herrialde interesgarria izateaz gain, zapalkuntza handia jasaten ari den herrialdea da"

Uztarria.eus 2010ko uzt. 27a, 13:07
Amaia Agirretxe, goian erdian, Palestinako haur batzuekin. (Amaia Agirretxe)

Agirretxe Euskal Herritik Palestinara joan da brigada kulturalarekin

Hango berri emateko blog bat sortu dute: www.biladihadi.wordpress.com

Amaia Agirretxe (Azpeitia, 1991) Palestinan da Euskal Herritik joan den brigada kulturalarekin. Ikasle mugimenduko kide bezala joan da Agirretxe Palestinara eta Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du:

Brigadan joateko ideia nondik sortu zitzaizuen?

Orain arte hainbat brigada egin dira Euskal Herritik Palestinara. Oraingoan, ordea, brigada kultural bat ateratzeko proposamena sortu zen. Bertan kultura nahiz hezkuntza arloko jendea bildu gara eta ikasle mugimenduko kide bezala etorri naiz ni brigada honetara.

Zer dela-eta joan zarete Palestinara?

Palestina herrialde interesgarria izateaz gain, zapalkuntza handia jasaten ari den herrialdea da. Hainbat antzekotasun ditu Euskal Herriarekin, baita hainbat elkartasun lotura ere. Gu elkartasun hori sendotu asmoz etorri gara.

Zertan datza brigadistaren lanak?

Brigadista garen heinean bertako egoera ahalik eta egokien ezagutzea dagokigu: bertako jendearekin egotea, harremanak egitea eta gure herriko gatazkaren berri ematea besteak beste. Bestalde, herrira itzultzean lana egiteko konpromezua suposatzen du. Lanketa ezberdinez Palestinarren egoeraren berri ematekoa.

Nolakoa da zuen hango egun bat?

Egunak ongi antolatuta ditugu. Goizetik hasita bilera ezberdinak izaten ditugu: elkarte, alderdi politiko, ikastetxe, herri... ezberdinetako jendearekin. Brigada kulturala ere bagarenez, aukera dugunean jendea dantzan jartzen dugu, hainbat musikari ere taldean baititugu gure artean. Ez dugu atseden hartzeko aukera handiegirik, baina, hala ere, gustura gabiltza. Eguna balorazioarekin amaitzen dugu.

Nolakoa da hango errealitatea?

Lekuaren arabera ezaugarriak aldatu egiten baldin badira ere, errealitatea gogorra da. Urte luzeetako sufrimendua eta nekea nabari da, eta egunerokotasunean bizitza arrunta egiteko hainbat oztopo jasaten dituzte. Zaila da deskribatzea, ikusi gabe ezbaitago ideia argi bat egiterik.

Zertan egin dezake azpeitiar baten Palestinarrei laguntzeko?

Hainbat lagunekin hitz egin ondoren jabetu gara Palestinarrak kanpoko laguntzaren beharra dutela. Hori dela azken finean beraien itxaropen bakarra. Guri dagokigunean, biderik eraginkorrena Israeli boikota egitea da. Baita gertatzen ari dena salatzea ere.

Zerbaitek harritu al zaitu? Eta, Palestinan bizi izandakotik zer azpimarratuko zenuke?

Hainbat gauzak harritu naute, baina zerbait azpimarratzekotan bi herrialdeok ditugun gatazketan, estatuen errepresio bideek duten antzekotasuna azpimarratuko nuke: ilegalizazioak, presoen isolamendua eta tortura, manipulazioak... Hain herrialde ezberdinak izanda zaila da sinestea bi herrioi jarri nahi dizkiguten oztopoek antzekotasunak dituztela. Hala ere, egoerak konparatzea ia ezinezkoa da.

Blog bat ere baduzue.

Hasiera batean bloga eguneratzeko konpromezua hartu nahi baldin bagenuen ere, denbora eta baliabide falta dela-eta ezinezkoa suertatu zaigu eguneraketa. Hala ere, hainbat sarrera badaude irakurri nahi dituenarentzat: www.biladihadi.wordpress.com .