Gipuzkoako Herriartekoan Azpeitia txapeldun

1-2 irabazi du finala Azpeitiak, Hernaniren kontra

Azkeneko partidak erabaki du txapela

Gaur (igandea) harrera egingo diete pilotariei udaletxean, 20:00etan

Hirugarren urtez, txapelduna izan da Azpeitia Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Gaur jokatu dute finala Azpeitiak eta Hernanik Donostiako Atano III. pilotalekuan. Aurreko partidetan 1-1 berdintuta, azkeneko partida izan da erabakiorra.

Gaztetxoen mailan, kadeteetan, 22-8 irabazi du Hernanik. Jon Leone eta Haritz Murgiondo Hernaniko pilotariek mendean hartu dituzte Jon Aizpuru eta Iker Eizmendi azpeitiarrak. Hernaniko bikotea zen faboritoa eta partidaren hasieratik nagusitasunez aritu dira. Azpeitiarrek 8 tanto egin dizkiete. Beraz, lehen puntua hernaniarrentzako izan da.

Gazteen mailan, jubeniletan, berriz, Azpeitia nagusitu da eta 6-22 emaitzarekin irabazi dute azpeitiarrek. Markel Etxaniz eta Andoni Aizpuru azpeitiarrek atzera jokatu dute gehien bat, baina tanto ikusgarriak ere egin dituzte aurrean. Etxanizek 7 tanto egin ditu sakez, eta Andoni Aizpuruk partidaren amaieran azaldu duenez, horrek asko puskatu du partida. 3-7 irabazten joatetik, hamar tanto egin dituzte azpeitiarrek segidan, eta 3-20 jarri dira markagailuan. Azkenean, 6-22ko emaitzarekin amaitu dute partida.

Azken partidan erabaki da aurtengo txapelduna. Ilunpeko Jesus Ruiz Argandoña Keuttin-en aurreikuspenak bete egin dira. Aste honetan esan baitu seniorren partidak erabakiko zuela finala, beste puntuak erdi-bana banatuko zituztela. Azpeitiarrak nagusitasunez aritu dira partidan zehar. Azpeitiko atzelaria, Uzkudun, ondo aritu da errestoan eta Jurgi Larrañagak tanto ederrak egin ditu aurrean. Partidaren amaieran, Larrañaga-Uzkudunek 22 eta Ojuel-Gorrotxategik 9.

Benantxio Karreraren gidaritzapean aritu dira Azpeitiko pilotariak eta adierazi duenez, "espero zutena baino errazago" aritu dira azkeneko bi partidetan. Aitor Oiagaren gomendioak jaso dituzte hernaniarrek.

Azpeitiarrei ez zaie herriko jarraitzaileen animorik falta izan gaurko finalean. Ilunpek laurehun sarreratik gora saldu ditu eta hiru autobus joan dira Azpeititik Donostiako Atano III. Pilotalekura. Amaiera ekitaldian, Udalbiltzari babesa adierazi diete pilotariek eta Bai Udalbiltzari leloa zuen pankarta zabaldu dute.

Azpeitia hirugarren aldiz txapeldun

Duela sei urte jokatu zuten Azpeitiak eta Hernanik Gipuzkoako Herriartekoen finala. Orduan, Azpeitia izan zen garailea 1 eta 2 irabazi ostean. Harrezkero, 2008an ere Gipuzkoako txapelduna izan zen Azpeitia. Orduan, Donostia hartu zuen mendean Azpeitiak 3-0 irabazita. Ondoren, Euskal Herriko Herriartekoan, Gipuzkoaren ordezkari gisa ere txapelduna izan zen Azpeitia. Huarteri (Nafarroa) 0-3 irabazi zion. Beste hiru alditan gelditu da bigarren Azpeitia Herriartekoen txapelketan. 2007an Arrasateren kontra galdu zuen finala, eta aurreko bietan (1995ean eta 1996an), berriz, azkoitiarren kontra.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide