Sanjuandegiko hirigintzako lanak hilabete barru bukatuko dituzte

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 27a, 10:01
Barrenetxe auzoan ari dira lanean eta autoentzat itxita dago zati hori. (Nerea Uranga)

Espainiako Gobernuak iaz diruz lagundutako bost proiektuetako bat da Sanjuandegikoa, eta amaitu ez duten bakarra

Aurten kanpoko igerilekurako eta Jose Artetxe eta Donejakue kaleetarako diru laguntza eskatzea aztertzen ari dira

Iaz Espainiako Gobernuak diruz lagunduta bost egitasmo abiatu zituen Udalak: Urrestillako haur eskola martxan jartzeko eskola zaharrak eraberritzea; udaletxe atzeko haur parke estalia; Garmendi gaineko hirigintza lanak; San Martin egoitzako lorategia berritu eta plaza bat egitea; eta, Sanjuandegin Barrenetxea auzoa eta Salbe artean hirigintza lanak egitea. Aurreko guztiak bukatuta daude, baina oraindik Sanjuandegiko lanak amaitzeko daude. Baina, udaletxeko Hirigintza saileko teknikariek diotenez, hilabete barru bukatuko dituzte lanak. Une honetan, Barrenetxe auzoko zati bat itxita dago lanengatik.

Barrenetxea autoentzat itxita

Irailean hasi ziren Barrenetxea eta Salbe auzoko hirigintza lanak egiten. Han, aparkalekuak eta espaloiak eraberritu dituzte, eta trafikoa ordenatzeko biribilgune antzeko bat egin dute Barrenetxean. Horrez gainera, Barrenetxea auzotik Loiolarako bidegorrirako aldapa oinezkoentzako moldatu dute. Une honetan, toki horretan ari dira lanean eta autoentzako pasabidea itxita dago. "Behin lan horiek bukatzen direnean errepidean asfaltoa botatzea bakarrik faltako da eta lanak bukatuta geldituko dira", esan du Jose Mari Arregi udaletxeko hirigintzako teknikariak.

Hirigintzako lanen baitan, lur azpiko azpiegiturak berritzeko lanak ere egin dituzte. "Azpiegiturak berritu egin dira, hodi handiagoak sartu dira eta ur zikinak eta garbiak banatzeko hoditeria sartu da", esan du Arregik. Sanjuandegiko hirigintza egitasmo horrek 830.535 euroko aurrekontua izan du.

Aurten, bigarren fasea

Iaz Espainiako Gobernuak obra publikoak sustatzeko agindutako diru laguntzetatik Azpeitiari 2.487.393 euro egokitu zitzaizkion. Diru laguntzak herriaren biztanle kopuruaren araberakoak dira. Diru laguntzak jasotzeko, egitasmoak obra publikora zuzendutakoak (hirigintza edota ekipamendu proiektuak, esaterako) izan behar dute, ezinbestean. Orain, laguntza horien bigarren faserako dirua eskatzeko garaia da. Dagoeneko udaletxean hainbat proiektu mahai gainean dituzte. Erabakia osteguneko udalbatzarrean hartuko dute. 19:00etan hasiko da.

Urola Kostako Hitza-k jakin duenez mahai gainean dauden egitasmoak hiru dira: kanpoko igerilekuaren zati bat itxi eta ireki egiteko moduan jartzea; Donejakue kalean hirigintza lanak egitea; eta, Jose Artetxe kalean hirigintza lanak egitea. Bigarren fase honetan, lehen fasearen aldean Espainiako Gobernuaren aldetik diru laguntza txikiagoa izango du Azpeitiak.