Badator danbor hotsa

Uztarria.eus 2010ko urt. 19a, 13:01
Loiolabide Zahar taldeko danborjoleek bihar estreinatuko dute sukaldari jantzia.

Iaz bezala, bakearen eta konponbidearen aldeko aldarria egin eta minutuko isilunea egingo da plazan

Biharko banderaren jaitsieran Sanjuandegiko Loiolabide Zahar talde berriak hartuko du parte

Ikusi 2010eko helduen danborradako irudiak: bilduma I, bilduma II eta bilduma III

Sansebastianak helduen danborradarekin hasiko dira gaur gauean. Aurtengoa 53. danborrada izango da, eta 22 taldek hartuko dute parte. Horiez gain, herriko Musika Banda eta gastadoreek ere hartu dute parte festan.

22:15ean abiatuko dira danborjoleak Olazko Amaren plazatik, eta kalez kale ibiliko dira. Tartean, Soreasuko Sebastian Donearen parrokia aurrean gelditu eta bi pieza joko dituzte bandaren laguntzarekin: Sebastian martxa eta Soreasuko Sebastian. Danborrada bukatu aurretik herriko plazan bilduko dira talde guztiak, eta, gauerdian, Sebastian martxa entzuten den bitartean igoko dute bandera udaletxean.

Bakearen eta konponbidearen alde

Azken urteetan (iaz ez) Amnistiaren Aldeko Mugimenduak proposatu eta danbor taldeen artean onartutako testua irakurri ohi izan da. Iaz, herriko egoera zela medio, ez zen testurik irakurri; minutuko isilunea egin zuten talde bakoitzeko zuzendariak Konponbidea. Elkarrizketa. Euskal Herria. Hitza eta erabakia. Bakea. leloa zuen pankartari eusten zion bitartean. Aurten ere, iaz bezala, danborrada plazan den bitartean ez dute testurik irakurriko. Hainbat gora beheraren ostean, atzo, lehengo urteko moduan, bakearen eta konponbidearen aldeko minutuko isilunea egitea erabaki zuten danbor taldeetako ordezkariek.

Illarramendiri oroigarria

Aurten, Udaleko Festa Batzordeak Pedro Illarramendi herritarra omenduko du danborradan 50 urtean zuzendari ibili delako. San Sebastian bezperan jasoko du oroigarria udaletxeko balkoian. Illarramendiren ustez oroigarri honek "50 urtetako lana biltzen du". Illarramendik, 1956an, lehenengo danborrada egin zenean, Oargi taldeko zuzendari irten zen. Orduz geroztik, duela bi urtera arte, Alkartasunako zuzendari izan zen. Aurreko urtean danborra jotzen hasi zen eta aurten ere danborra jotzen irtengo du Alkartasuna taldean. Haren ordez, Karlos Iriarte izango da zuzendari berria eta Illarramendik Uztarria-ri jakinarazi dionez "gustura nago zuzendari berriarekin; zuzentzerako orduan oso keinu politak eta adierazkorrak ditu, asko transmititzen du".

Soreasuko Sebastian piezak 25 urte

Soreasuko Sebastian pieza 1986ko helduen danborradan jo zuten aurreneko aldiz. Gaur, 25 urte beteko ditu Jose Luis Frantzesena azpeitiarrak konposatutako abestiak, eta 25. aldiz joko dute bai Parrokian eta baita herriko plazan ere.

San Sebastian eguna

Bihar, San Sebastian egunean, danborradak jarraipena izango du. Goizean Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeetako kideek herriko kaleak alaituko dituzte musika bandaren laguntzarekin. Ondoren, parrokiatik prozesioa egingo dute.

12:30ean, haurren danborradaren txanda izango da. 500 haurrek baino gehiagok hartuko dute parte eta hamaika talde izango dira. Naiara Goenagak Imanol Eliasen laguntzarekin diseinatutako karroza ere izango da danbor taldeen atzetik. Karrozaren gaia Azpeitia, 700. urteurrena izango da. Bertan, Itsasi dantza taldeko haurrak joango dira.

Gauean, berriz, festei bukaera emateko bandera jaitsiera egingo dute. 23:15ean hasita kalez kale ibiliko dira Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko eta Sanjuandegiko Loiolabide Zahar taldeak, eta ondoren plazan bandera jaitsiko dute sansebastianetako doinuen laguntzarekin.

Loiolabide Zahar taldearentzat danborradan parte hartzen duen lehenengo aldia izango da. 46 danbor jole, zuzendari handi eta txiki bana, bi kantinera eta banderaduna ibiliko dira herriko kaleetan bandera jaitsi aurretik. Azken talde horrek prest du sukaldari jantzia.

Hona sansebastianetako egitaraua:

SANSEBASTIANETAKO EGITARAUA

Urtarrilak 19, gaur. San Sebastian bezpera

22:15.Helduen danborrada. Olazko Amaren plazatik irtenda.

24:00.Herriko plazan, danborradako doinuak joko dituzte helduen danborradako taldeek.

00:30.Zo Zongo Perkushow taldearen kalejira.

Urtarrilak 20, bihar. San Sebastian Eguna

09:30.Izarraitz txistulari taldearen eta Musika Bandaren goizeresia. Ardozaleak eta Gure Ametsa danbor-jotzaileen taldeak.

10:15.Udalbatza udaletxetik Soreasuko

10:30.Prozesioa, kaleetan.

10:45.Meza nagusia, parrokian.

12:00.Sokamuturra, herriko plazan. Arno ganadutegiko zezenak aterako dituzte.

12:30.Haurren danborrada hasiko da, Aranetik.

16:00.Haurrentzako parkea, Olazko Amaren Plazan.

16:30.Sokamuturra. Erdikalean, herriko plazan, Goiko kalean, Errebalean, Hartzubian eta San Martingo Estratan, Done Jakue kalean, Elizkalean, Plaza Txikian eta Enparan kalean. Arnoko zezenak.

17:00.Aspeko pilotarien partidak, Izarraitz pilotalekuan. Lehengoa: Ongay eta Urberuaga Ibai Perezen eta Galarza VI.-aren kontra. Bigarrena, Bigarren Mailako Binakako Txapelketakoa: Saralegi eta Eskudero Berasaluze IX.-aren eta Larrinagaren kontra.

20:00.Zo Zongo Perkushow taldearen kalejira.

23:15.Bandera jaisteko danborradaren hasiera. Olazko Amaren plazatik irtengo dira eta honako ibilbidea egingo dute: Done Jakue kalea, Elizkalea, Enparan kalea, Erdikalea eta herriko plaza. Parte hartuko duten taldeak: Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko eta Loiolabide Zahar eta Musika Banda.

24:00.Bandera jaitsiera, plazan