Gerraren lekuko gaztetxoa joan da

Uztarria.eus 2010ko urt. 13a, 21:01
Asentxio Zubillaga 2006an, Azpeitian.

Asentxio Zubillaga hil da; 11 urte besterik ez zituela erreketeen tertzioa sartu zen Azpeitian, eta herrian geratu zen

Amaia Mendizabalen Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuko partaideetakoa izan zen

"Mutil kozkorra baino ez zen Asentxio Zubillaga (1925) erreketeen Montejurra tertzioa Azpeitian sartu zenean, 1936ko irailaren 20an. Parte hartzeko gazteegia, baina nahiko nagusia bere inguruan gertatzen ari zen guztiaz konturatzeko. Frontean borrokatu zuten gudariek eta erreketeek Azpeititik urruti pasatu zuten Espainiako Gerraren parterik handiena. Beraz, urte haietan herrian bertan gertatu zenaren testigantza da Asentxiorena". Hala hasten da Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuan (Uztarria Kultur Koordinakundea) Amaia Mendizabal egileak Asentxio Zubillagari egindako elkarrizketa. Atzo (asteartea) hil zen Zubillaga, eta gaur arratsaldean egin dute haren aldeko hileta elizkizuna, Azpeitiko parrokian.

2006ko irailaren 29an aurkeztu zuten liburua, eta agerraldian izan zen Zubillaga, beste elkarrizketatu batzuekin batera. 70 urte bete berriak ziren Espainiako Gerra hasi zenetik, eta 1936ko irailaren 20an sartu ziren, hain zuzen ere, Francoren aldeko tropak Azpeitian. Hori dela-eta, bederatzi elkarrizketez osatutako liburua osatu zuen Mendizabalek.

"Ume begiradarekin ikusi zuen herria nola ari zen husten 1936ko irailaren 19an: ehunka azpeitiar ikusi zituen Urola trena hartzen erreketeak herrian sartu bezperan, beldurrak bultzatuta Bizkaira ihes egiten. Hurrengo egunean, erreketeek Azpeitia hartzean, Batzokiko leihotik zintzilik zeuden ikurrina eta EAJren bandera sutan ikusi zituen, Plaza Txiki erdian", jarraitzen du liburuak.

Zubillagaren orduko esan batzuk:

  • "Joan zirenen artean, baziren oso diru gutxirekin joandakoak. Ezagutzen nuen bat 19 zentimorekin joan zena; pezetara ere ez zen iristen... Joaten ikusi nituen, ia denak milraias prakak jantzita —‘euskaldunen prakak’ esaten zitzaien— eta poltsikoan zemeikorik gabe!".
  • "Igandean sartu ziren erreketeak herrira, irailaren 20an. (...) Enparan-gain parean mutil kozkor batzuk zebiltzan jolasean. Erreketeek pareta atzean norbait erdi ezkutuan ikusi eta, euren etsaia zela pentsatuz, tiro egin zuten metrailadore batekin. Jo eta su aritu ziren, herritik entzuten genituen tiro hotsak: ta-ta-ta-ta. Jolasean ari ziren umeetako bat hil egin zuten; seko geratu zen gaixoa. Ni baino gaztetxoagoa zen ume hura eta Kukubiltxo deitzen genion. Beste ume bat zaurituta gelditu zen, bizkarrean tiroak zituela. Enparan-gain baserrikoak ziren bi umeak".
  • "Emakume asko, berriz, pasatzen ziren soldadu erreketeei edari ‘generosoak’ ematen aritu ziren —orduan hala esaten genien markako edariei— eta musuak ematen ere bai. Suziriak ere bota zituzten! Izan ere, herrian bazeuden lehen karlista izan eta hala izaten jarraitzen zuten asko. Errekete guztiek txapel gorria eramaten zuten, baina batzuek txapel gorritik zintzilik borla morea zeukaten, bereizteko bezala. Borla hori zutenak apaizak izaten ziren, gerrara boluntario joandako apaizak!".
  • "Gure aitari ‘Responsabilidades politicas’ delako isuna jarri zioten, beraien paperetan separatista bezala agertzen zelako. Mila pezetako isuna jarri zioten! (...) Etxean gordeta daukat oraindik errezibo hura".
  • "Herriko errekete nagusiak aldare ondoan jartzen ziren, fusil alemanak eskuan hartuta, zaindari bezala. Meza eta gero, pelaioen eta margariten desfilea izaten zen. Zibilek osatzen zuten pelaioen talde hori, herritarrek, eta meza nagusia bukatzean formatu eta desfilatu egiten zuten".
  • "Francoren matxinoek herri garrantzitsu bat hartzen zuten bakoitzean, gauetan ospakizuna egiten zen Azpeitiko Plazan Nagusian".
  • "Gerraostean gosea, gosea kristorena! Blokeoa egon zen. (...) Gerran bertan ere pasatu genuen gosea, baina artean ez hainbeste".
  • "Gerra ondoren amaso lantokian, adibidez, badakit gudari ibilitako Azkoitiko eta Azpeitiko askori eman zietela lana".