Frantziako zinema zikloarekin hasiko du urtea Ta3. zine klubak

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 13a, 10:01

Ta3. zine klub taldeak Frantziako zineari buruzko La Resistence I zikloa antolatu du hil honetarako

Zine zikloa lau filmek osatuko dute: "Bi zine klasikokoak eta beste biak azken hamar urteotakoak"

Azpeitiko Ta3. zine klub taldeak urte berrirako DVD emanaldiak Frantziako zinearekin hasiko ditu. Bihartik hilaren 29a arte lau emanaldi iragarri ditu, La Resistence I izen jarri dioten zine zikloaren baitan. Lau film emango dituzte, laurak Betherrametan, 21:30ean eta doan.

"Urtero bezala aurten ere zine ziklo bat egitea pentsatu dugu. Aurreko urteetan hainbat zuzendariri buruzko zikloak egin ditugu, hau da Michael Haneke edota Jian Zhang Ke zuzendariekin lotutakoak", diote Ta3. zine klubekoek. Aurten, ordea, "gai orokorrago" bati heldu nahi izan diote: "Azkenengo 50 urteotan Frantzian egin den zinemari". Baina hori lantzeko taldeak baliabide gutxi dituela eta "lan erraldoia egin beharrean, zine ziklo txiki bat" antolatu dute zine klubekoek.

Garrantzia handiko filmak

Zine zikloari La Resistencia I izen burua nondik nora jarri dioten ere azaldu dute Ta3. zine klub taldekoek. Haien arabera, 1959. eta 1960. urteetan Frantziako bi filmek "izugarrizko oihartzuna" izan zuten; alde batetik, 'Les 400 coups'-ek, eta bestetik, 'A bout de souffle'-k. "Bi film horiekin hasi zen Nouvelle vague deritzon zine korrontea. "Azken 50 urteetan mundu guztiko filmetan eragina izan zuen korrontea da hori". Zine klubekoen esanetan, 1960.eko hamarkadatik aurrera, Frantziako zinemak beti eskaini ditu zinema ikusteko modu berriak proposatzen dituzten zuzendariak. "Zuzendari horiek erresistentzia bilakatuko dira".

Zine zikloa lau filmek osatuko dute: "Bi zine klasikokoak, 1960.eko hamarkadakoak, eta beste biak azken hamar urteotakoak". Bihar hasiko dute zikloa 'L'annèe dernière à Marienbad' filmarekin.

ESKAINIKO DITUZTEN FILMAK

  • Urtarrilak 14, bihar.21:30ean, Betherramen. 'L'annèe dernierè à Marienbad' filma (1961.urtea. Alain Resnais).
  • Urtarrilak 15, ostirala.21:30ean, Betherramen. Innocence filma (2004.urtea. Lucile Hadzihalilovic).
  • Urtarrilak 28, osteguna.21:30ean, Betherramen. Les 400 coups filma (1959.urtea. FranÇois Truffaut).
  • Urtarrilak 29, ostirala.21:30ean, Betherramen. 'L'emploi du temps' filma (2001.urtea. Laurent Cantet).