'Berria'-ren pilota txapelketan lehiatzeko prest dago Ilunpe

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 13a, 09:01
Ilunpe pilota elkarteko hiru bikotek hartuko dute parte 'Berria'-ren txapelketan.

Otsailaren 24ko asteburuan jokatuko dute azpeitiarrek kanporaketa, Barakaldoko Gure Kirola taldearen kontra

Finalak martxoko azken asteburuan jokatuko dira, Hernanin

Asteburu honetan emango diote hasiera Berria egunkariak antolatutako VII. Pilota Txapelketari. Euskal Herriko 24 pilota elkarte aipagarrienek hartuko dute parte bertan; tartean, Azpeitiko Ilunbe elkarteak. Urola Kostako ordezkari bakarra izango da, gainera. Guztira, Gipuzkoako eta Nafarroako zortzina elkarte ariko dira jokoan, Bizkaiko bost, Arabako bi eta Ipar Euskal Herriko bakar bat.

Txapelketa datozen egunetan hasiko da eta 11 aste iraungo du; finalak martxoaren azken asteburuan jokatuko dira, Hernanin. Azpeitiko taldeak, ordea, otsailaren 24ko asteburuan jokatu du bere kanporaketa. Barakaldoko Gure Kirola elkartearen aurka neurtuko ditu indarrak. Hori jakin badakiten arren, antolakuntzak ez die zehaztu nongo frontoian izango duten norgehiagoka.

Ezjakintasuna nagusi

"Egia esan, ez dakigu nola moldatuko garen haien (Barakaldoren) aurka", azaldu du Ilunpe elkarteko ordezkari Jesus Ruiz Argandoña. Izan ere, "Bizkaiko gainerako elkarteak ezagutzen ditugu: Lemoa, Berriz, Mallabia... Baina Barakaldoko pilotariak ez ditugu ezagutzen. Ez dakigu zeintzuk osatzen duten taldea. Alde horretatik, zalantza eta jakin-min pixka bat badugu". Hala eta guztiz ere, azpeitiarrek ordezkari serioak bezain abilak aurkeztuko dituztela nabarmendu du.

Kanporaketa bakoitzean hiru partida jokatu beharko dituzte taldeek; binakako modalitatean, senior, jubenil eta kadete mailetan neurketa bana. Ilunpek honako bikoteak kantxaratuko ditu maila bakoitzean: seniorretan, Larrañaga-Uzkudun bikoteak; jubeniletan, Etxaniz-Aizpuruk; eta kadeteetan, Eizmendi-Aizpuruk. Oro har, pilotari onak dituzte uste du Ruiz Argandoña ordezkariak.

Txapelketa "garrantzitsua"

Honakoa ez da azpeitiarrek txapelketan parte hartzen duten estreinako aldia, azken urteetan bertan lehiatu baitira. Elkarteko ordezkariaren hitzetan, "Berria-rena txapelketa garrantzitsua izaten da, kategori handikoa. Herri arteko txapelketa baino sona gehiago du". Horrexegatik, lan txukuna egitea dute helburu.

Barakaldoko Gure Kirola elkartearen aurka irabazteko itxaropena dute Ilunpeko pilotariek. Lehen kanporaketa gainditu ondoren, Nafarroako talderen bat tokatuko litzaieke eta horrek, nolabait, hurrengo fasera sailkatzeko aukera zaildu egingo lukeela uste dute. "Nafarrek jokalari onak izaten dituzte normalean", arrazoitu duRuiz Argandoñak.

Ezaugarriak

Elkarte parte-hartzaileak.

  • Gipuzkoako 8 elkarte: Gazteleku, Añorga, Ilunpe, Oiarpe, Bergara, Hernani, Aurrera Saiaz eta Zazpi Iturri.
  • Nafarroako 8 elkarte: Txaruta, Oberena, Aurrera, Erreka, Aldabide, Irurtzun, Zugarralde eta Huarte.
  • Bizkaiko 5 elkarte: Gure Kirola, Usansolo, Markina, Igorre eta Adiskide.
  • Arabako 2 elkarte: Amurrio eta Txukunlakua.

-Ipar Euskal Herriko talde bat: Ipar Euskal Herriko selekzioa.

Joko sistema. Iazko bera izango da. Hiru partida jokatuko dute kanporaketa bakoitzean aurkari beraren aurka; seniorren artekoa, jubenilen artekoa eta kadeteen artekoa Partida gehien irabazten duen elkartea sailkatuko da hurrengo faserako. Lehen bi partidak elkarte berak irabazten baditu ere, hirugarrena ere jokatu egin beharko dute eta tanto kopuru gehien duen taldea izango da garaile.

Emaitzak. Berria egunkariak eguneratuko ditu emaitzak eta sailkapenak.