Naiara Goenagak diseinatuko du aurtengo sansebastianetako karroza

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 12a, 09:01
Naiara Goenagak egingo du aurten San Sebastian Egunean haurren danborradan irtengo duen karroza. (Nerea Uranga)

"Dezenteko lana da karrozaren diseinua egin eta karroza bera egitea; ardura handiko lana da", dio Goenagak

Herriko jendeak San Sebastian Eguneko karrozarekin ikusmin handia izaten duela-eta "kezkatuta" dago Goenaga

Aurtengo San Sebastian Eguneko karrozarako egitasmoak udaletxean aurkezteko epea joan den azaroaren azkenengo egunean bukatu zen. Lehiaketara Naiara Goenagak (Azpeitia, 1992) bakarrik aurkeztu zuen karrozarako egitasmoa, eta hari eman diote diseinatzeko ardura. Udaleko Festa Batzordeak proposatuta, Azpeitia, 700 urteurrena 1310-2010 izango da aurtengo haurren danborradako karrozaren gaia.

Udaletik karroza diseinatzeko ardura berari emango ziotela esateko deitu ziotenean, "ezusteko galanta" hartu zuela dio Goenagak. "Lehenengo aldiz hartu dut parte karrozarako egitasmo lehiaketan, eta nik egin beharko nuela esan zidatenean harrituta gelditu nintzen", dio. Batxiler artistikoa ari da ikasten eta txiki-txikitatik karrozak nola egiten zituzten ikustera joaten zela dio: "Aitarekin joaten nintzen aroztegira sansebastianetako karroza nola egiten zuten ikustera. Gustukoa izan dut".

Hilaren 5etik lan eta lan

Hilaren 5ean eman zuten karrozaren oinarria aroztegira eta ordutik lanean gelditu gabe ari dela dio. "Nik ez nuen uste, baina dezenteko lana da. Jostunarekin hitz egin behar da, margolariarekin, arotzarekin... Gauzak erabaki behar dira, telefonoz lana segitu behar da... Ardura handiko lana da", esaten du. Hala ere, badu ondoan laguntza: "Imanol Elias ari zait laguntzen, asko gainera. Karroza gainean joan behar duten pertsonaien gaineko ideiak berak eman dizkit. Eta, aita ere laguntzen ari zait".

Herriko jendeak San Sebastian Eguneko karrozarekin ikusmin handia izaten duela-eta "kezkatuta" dago Goenaga: "Esan didate jendea oso kritikoa dela karrozaren diseinuarekin eta horrek kezka sortzen dit".

Aurtengo honetan, Itsasi dantza taldeko haurrek irtengo dute karrozan. Karrozako haurrak danborradan parte hartzen duten ikastetxeen eta taldeen artean txandatu egiten dira urtero. Goenagak aurreratu duenez, sei haur joango dira karrozaren gainean.

Gaur helduen entsegua

Sansebastianetako helduen danborradakoek gaur dute aurtengo lehen entsegua. 21:00etan hasiko dira entseatzen, Izarraitz pilotalekuan. Helduek, ostegunean eta astelehenean ere egingo dituzte entseguak. Haurrak, berriz, bihar hasiko dira entseatzen. Hauek bihar, ostegunean, ostiralean eta astelehean egingo dituzte entseguak, 16:00etatik 17:00etara, Izarraitz pilotalekuan.