Hainbat eragilek eta norbanakok presoen egoeraz kezka agertu du

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 23a, 11:12
Presoen egoera salatzeko herriko hainbat eragiletako ordezkariek eta norbanakoek egindako agerraldia.

Hilaren 24an, 19:30ean, elkarretaratzea egingo dute plazan eta parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek

Benetako "kezka" agertu dute, presoei elkartasuna erakustea "zilegi" dela esanez

Azpeitiko hainbat eragiletako kideek eta norbanakok gaur egun Espainiako eta Frantziako kartzeletan euskal preso politikoek bizi duten egoeraz "benetako kezka" agertu dute, eta haiekiko babesa eta elkartasuna adieraztea "erabat zilegi" dela aldarrikatu dute. Salaketa eta aldarrikapen horiekin bat eginda, hilaren 24an herritarrak elkarretaratzera deitu dituzte, 19:30ean, herriko plazan. Eta, urtarrilaren 2rako Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzeko ere dei egin diete herritarrei. Eragileetako kideek eta norbanakoek egindako agerraldian azaldu dutenez, "herrian ere baditugu sei preso politiko eta horiek ere gure kezkaren iturri dira".

Gaixotasun larriak dituzten eta zigorra beteta duten preso politikoak kartzelaratuta mantentzen dituztela salatu dute: "Minbizia edota gaixotasun psikologiko larriak dituzten presoak espetxean mantentzea oinarrizko giza eskubideen aurkako neurria da. Eta, 20 urteko espetxe zigorra osorik beteta izan eta zigorra beste hamar urtez luzatzea, praktikan biziarteko kartzela zigorra ezartzearekin parekatu daiteke".

Presoen sakabanaketa ere kritikatu dute: "Presoen %99 haien etxetik ehunka kilometrotara sakabanatuta dituzte. Horrek, presoak urruntzea eta isolatzea dakar". Presoen senideen aurkako jazarpena areagotzen ari dela ere salatu dute, "bisitetan presoen senideak (baita haurrak ere) miatzeari ekin diote. Hori dela-eta, ehunka kilometro egin ondoren, miaketari uko egiteagatik aurrez aurreko bisitarik gabe gelditu dira hainbat preso eta senide".

Presoen egoera salatzearekin batera, gaixotasun larriak dituzten eta zigorra beteta duten presoak kaleratzeko eskatu dute: "Eskubide guztien jabe euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea aldarrikatzen dugu".

Azken aldian presoekiko elkartasuna bera "zigortuta" izaten ari dela ere salatu dute, eta elkartasuna eta babesa adieraztea "erabat zilegi" dela esan dute.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org