Maider Egigurenen aurkako epaiketan, poliziek tratu txarrak ukatu egin dituzte

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 16a, 09:12

Joan den asteazkenean izan zen lehen saioa eta bihar amaituko da hamahiru lagunen kontrako epaiketa

Maider Egigureni zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen dio fiskalak

Maider Egiguren azpeitiarraren eta beste hamabi lagunen kontrako epaiketa joan den astean hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean. "ETAri laguntza ematea" leporatzen diete. Astelehenean bigarren saioari ekin zioten eta bihar bukatuko da. Astelehenean eta atzo, fiskalak aurkeztutako lekukoen txanda izan zen. Saioen ondoren, defentsa abokatuek esan dutenez, "horrelakoetan ohi bezala, poliziek tratu txarrak ukatu egin dituzte". Poliziek, atxilotuen deklarazio denak "legearen barruan" egin zituztela esan dute. Atxilotuek "euren borondatez eta tratu txarrik jaso gabe" deklaratu zutela esan zuten poliziek. Baina, joan den asteazkenean bestelakoa deklaratu zuten Egigurenek eta gainontzekoek. Orain sei urte, atxilotu eta inkomunikatuta izan zituztenean, tratu txarrak eta torturak jasan zituztela deklaratu zuten. Abokatuek polizien jarrera salatu dute, interesatzen zaizkien gauzak "buruz dakizkitelako" eta interesatzen ez zaizkienetan "amnesia" dutelako.

Atzo, hamahiru lagunen kontrako hirugarren saioa izan zen. Ordubeteko saioa besterik ez zuten izan, 10:00etatik 11:00etara artekoa. Atzo ere atxiloketetan parte hartu zuten poliziek eta fiskalaren lekukoek deklaratu zuten. Gaur, auzipetuek aurkeztutako lekukoen txanda da. Bihar, epaiketako azken saioa dute. Gero, epaiaren zain geldituko dira. Fiskalak zazpi eta hamar urteko zigor eskaera eginda du hamahiru auzipetuentzako.

Maider Egiguren 2003ko azaroan atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Gero, epaiketarik egin gabe kartzelan egon zen bi urte eta erdian, eta 2006ko ekainean libre utzi zuten, 30.000 euroko bermea ordainduta. 2007ko azaroan jakin zen Espainiako Auzitegiko fiskalak zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen zuela beretzat. Joan den asteazkenean hasi zen epaiketa.