Euskararen inguruko ordenantza berria onartu zuten aho batez atzoko udalbatzarrean

Udal ordezkariak atzoko udalbatzarrean.

Soreasuko lanen bigarren fasea ere onartu zen; Antzibar eraikuntza enpresak egingo ditu lanak

Inazio Uria ere gogora ekarri zuten udalbatzarrean

Urola Kostako Hitza-k Euskararen Nazioarteko Egunaz atera duen gehigarria hemen

Inazio Uria gogora ekarriz hasi zuen udalbatzarra Julian Eizmendi alkateak. Atzo urtebete hil zuen ETAk enpresaria. Adierazpen instituzionala irakurri ostean, Iñaki Errazkin ezker abertzaleko zinegotziak hartu zuen hitza. Honek, "Euskal Herrian konponbidea lortzeko borondatea eta prozesu demokratiko batean parte hartzeko" prestutasuna azaldu zituen. Duela bost urte Anoetako Proposamenean esandakoa eta aurten Altsasun egindako adierazpena euren egiten zituztela adierazi zuen Errazkinek.

Udalbatzarreko lehenengo puntua Soreasuko lanaren bigarren fasea onartzea zen. Auditorioko lanak onartzea, hain zuzen. Auditorioa eraikitzeko proiektu aukeratua Antzibar eraikuntza enpresarena zela ere jakinarazi zen. Beraz, Antzibarrek egingo ditu Soreasuren bigarren faseko lanak.

Bozkatzerako orduan, Leire Lazkano ezker abertzaleko zinegotzia abstenitu egin zen. Gainontzeko denek baiezkoa bozkatu zuten.

Bigarren eta azken puntua, euskararen normalizaziorako udal-ordenantza berria zen. Pasatu den ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabe utzi zuen euskara normalizatzeko araua, gaztelera baztertzen zuela argudiatuz. Atzo, berridatzita zuten ordenantza berriari aho batez eman zioten hasierako onarpena. Nahiz eta berridatzi duten, ibilbidea ikusteko dagoela gaineratu zuen, Julian Eizmendi alkateak. Iñaki Errazkinek, berriz, aurreko ordenantza baliogabe uzteak ez duela Udalak gauzak gaizki egin zituenik esan nahi argitu zuen.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide