Julian Eizmendi: "Etxebeltzen denok onartzeko moduko proposamenak zehaztu behar dira"

Joxe Urbistondo Azpeitiko EAJko zinegotzia eta Julian Eizmendi alkatea.

Alkatearen ustez, BOEn prezioak ere ez dira igo behar eta erabakia epe motzean hartu behar da

Etxebeltz- Izarra eremuan zozkatu gabe dauden etxeak datozen hilabeteetan zozkatuko dituzte

Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzen auziari irtenbidea emateko hiru irizpide jarraitu behar dira oinarri bezala: "Erabakia epe motzean hartzea; etxeen prezioak ez igotzea; eta, alde guztiek onartzeko moduko proposamenak zehaztea".

Alkatearen arabera, Etxebeltz- Izarrako eremuko BOEn lanak urritik daude geldituta. Auzi horri irtenbidea emateko, "egoera desblokeatzeko" helburuarekin hainbat bilera egin du Udalak Altuna y Uria eta Amenabar sustatzaileekin. Alkateak esan duenez, lanak gelditu zirenetik bost bilera egin dituzte: "Lanak jarrai dezaten eskatzeko eta kontratuak sinatzeko, besteak beste".

Erabakia lehenbailehen

Alkateak "garbi" dauka Etxebeltz- Izarrako babes ofizialeko etxebizitzen auziari irtenbidea emateko hiru irizpide hartu behar direla oinarri bezala. Eizmendiren ustez, irizpide horietako bat denbora da: "Denborak garrantzia du eta denon onerako epe motzean erabaki beharko litzateke". Bestetik, BOEn prezioak mantendu egin beharko dira Eizmendiren iritziz, "ez igoz". Eta, hirugarrenik, "alde guztiok, denok, onar genitzakeen proposamenak zehazteko ahalegina egin behar da". Eizmendik esan duenez, hiru irizpide horietatik kanpoko planteamenduek "ez dute laguntzen" auziari irtenbidea emateko; "egoera okertu besterik ez dute egiten".

Helburua, kontratuak sinatzea

Irizpide horiek oinarri hartuta lanean ari direla esan du alkateak, "ahal bezain laster lanak berriro martxan jarri eta kontratuak sinatzeko helburuarekin".

Etxebeltz-Izarra eremuan egingo dituzten babes ofizialeko 208 etxebizitzetatik 154 joan den urteko apirilean zozkatu zituzten. Alkateak esan duenez, gainontzeko 54 BOEk datozen hilabeteetan zozkatuko dituzte. Baina, ez horiek bakarrik, baita Koarteleko etxebizitzak (Julian Elorza hiribidean), Enparan kalekoak eta Nuarbekoak ere.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide