Etxean estreinatuko du Lakrikunek 'Prest gaude!' antzezlana

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 20a, 10:11
Alaitz Olaizola, Gurutze Eizmendi eta Idoia Uranga aktoreek 'Prest Gaude!' lana estreinatuko dute bihar.

Lakrikun antzerki taldeko Alaitz Olaizola, Gurutze Eizmendi eta Idoia Uranga aktoreek Prest gaude! antzezlan berria estreinatuko dute bihar

Greban gaude! antzezlanak izandako harrera ona ikusita bigarren lana prestatzera animatu zen hirukotea

Greban egon dira. Emakumeari lotutako hainbat gai agertokira azalduz, 60 plaza baino gehiagotan jardun dute. Baina, orain, AJE (Arantxa, Jaione eta Elena) hirukotea, aurrenekoz Prest gaude! esanez azalduko dira Euskal Antzerki Topaketetan. Alaitz Olaizola, Gurutze Eizmendi eta Idoia Uranga aktoreek (aurrenekoa azpeitiarra da eta beste biak, berriz, azkoitiarrak) bihar estreinatuko dute lan berria, 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.

Lakrikun antzerki taldeko hirukote honek 2003ko maiatzean hasi zuen agertoki gaineko bere ibilbidea. Orduan, Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eskatuta Greban gaude! antzezlana estreinatu zuten. Gero, baina, urtebete baino gehiagon ez zuten berriro lan hura egin. "2003ko maiatzetik 2004ko abuztura arte geldirik egon ginen". Handik aurrera, ordea, bost urtez makina bat aldiz taularatu dute antzezlana. 2004ko Euskal Antzerki Topaketetan, gainera, Publikoaren Saria ere irabazi zuen.

Greban gaude! lanak izandako "harrena ona" ikusita, bigarren lan bat prestatzera animatu zen hirukotea. "Trilogia bat egiteko asmoa dugu. Produkzio handi askok hala egin dute, eta guk gure produkzio txikia egitea erabaki dugu", diote. Bigarrena estreinatu aurretik, hirugarrena nola izan daitekeen ere pentsatzen hasita daude, hauek ez baitira geldirik egotekoak. Euren antzezlanean emakumeek euren burua identifikatuta ikusten dutela diote, "eta horrek antzezlanak funtzionatzeko balio izan du".

Greban gaude! lanetik Prest gaude!-ra "eboluzio" bat eman dute hiru pertsonaiek. "Aurreneko antzezlanean gazteagoak ginen. Orain, berriz, zaharragoak. Jarrera aldaketa bat gertatuko da", aurreratu dute. Baina, aurreko lanean bezalaxe , oraingo honetan ere emakumearekin zerikusia duten gaiak landuko dituzte, "umore puntu batekin". Euren buruari barre egitetik hasten dute lana: "Guk bizi ditugun drama txiki horiek umorearekin lantzen ditugu". Formatu txikian egiten dute eta mezu zuzena landuz: "Gaur egun profesional asko ere formatu horretara moldatzen ari da".

Hala ere, ez diote utzi greban egoteari; oraindik lan hori antzezteko eskatuz deitu izan diete. Bihar, ordea, prest daudela esanez igoko dira agertokira.

Topaketetako asteburuko egitaraua

Azaroak 20, gaur.

  • 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan. 110. Streeteko geltokia antzezlana. Goaz antzerki taldearen eskutik.

Azaroak 21, bihar.

  • 13:00etan, udaletxeko areto nagusian. Txalo Saria emango diote Imanol Eliasi. Omenaldiaren baitan, Erika Olaizola eta Ane Arenas azpeitiar aktore gazteek antzeztuko dute.
  • 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Prest gaude! antzezlana, Lakrikuneko Alaitz Olaizola, Gurutze Eizmendi eta Idoia Urangarekin.

Azaroak 22, igandea.