28 upategik hartuko dute parte larunbateko ardo dastaketan

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 19a, 10:11

Aurten egingo den Ardo Dastaketa Eguna 'Egunkaria'-ren aldeko ekimena izango da

Ardo dastaketa 11:30etik 14:30era bitartean izango da herriko plazan

Larunbatean izango da IV. Ardo Dastaketa Eguna. Azpeitiko Udalak antolatu du, baina Egunkariaren aldekoa izango da aurtengo honetan. Bertan, 28 upategik hartuko dute parte, baina upategi bakoitzak ardo marka bat baino gehiago jarriko ditu dastatzeko moduan. Guztira, 38 ardo desberdin. Urtetik urtera gero eta upategi gehiagok hartzen dute parte, iaz 25 izan baitziren.

Ardo dastaketa larunbat goizean 11:30etik 14:30era bitartean izango da herriko plazan. Ardoa dastatzeko, hiru eurotan kopa eta lau dastaketa egiteko txartelak eskuratu ahalko da. Kopak eta txartelak banatzeko postu bat jarriko dute.

Ardoa dastatzeko postuez gainera, jatekoekin ere postuak jarriko ditu. Herriko lau gaztagilek postua jarriko dute eta Gernikako piper erreen pintxoekin beste bat jarriko dute. Iaz bezalaxe, aurten ere GAEL-ek (Azpeitiko Gaixo eta Elbarrituen Aisialdiko Takdea) pintxo beroekin eta hotzekin postua jarriko dute. Postu horietan guztietan pintxo bat euro bat kostako da.

Elkartasuna adierazteko era

Laster hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako epaiketa, eta Egunkaria-n lanean jardundako azpeitiarrek eta gaur egun Berria-n ari direnek hainbat ekimen egingo dute herrian, hiru helbururekin: Azpeitia epaiketaren aurka azaltzea, herritarrok auzipetuei elkartasuna adieraztea eta auziko gastuak betetzeko dirua biltzea. Ekimen horietako bat da Ardo Dastaketa Eguna. Hori dela eta, ardoa ateratzen ariko direnek itxitako kazetaren aldeko elastikoak jantzita izango dituzte. Gainera, bonoak eta elastikoak saltzeko postu bat ere jarriko dute plazan, itxi zuten kazeta horretako langile ohiek.

Txema Auzmendi Egunkariaren itxierako auzipetuetako bat ere Ardo Dastaketa egunean izango da. Jesuita da, eta Donostian egon da azkeneko 21 urteetan; orain Kataluniara joatekoa zen lanera, baina epaiketa hasi bitartean Loiolan jarri da, jesuiten etxean.

Bestetik, Egunkaria-ko langile ohiek eskerrak eman dizkiete Udalari eta baita Sanjuandegiko Auzo Elkarteari ere: "Izan ere, aurten zalantzan egon da Ardo Dastaketa Eguna antolatuko zen, eta auzo elkartekoak hasi ziren mugitzen antolatzeko, eta hasieratik prest azaldu ziren ekitaldia Egunkaria-ren alde egiteko".

Beraz, Egunkaria-ren alde egin eta ardo mota desberdinak edateko aukera paregabea izango da larunbatean herriko plazan. Aurreko urteetan bezalaxe, Nafarroako, Arabar Errioxako eta Errioxako upategietako urteko ardoak, onduak, kriantzak eta erreserbak dastatzeko aukera izango da. Giroa alaitzen, Izer eta Alabier trikitilariek jardungo dute ardo dastatzeak iraun bitartean.