Prostituzioaren inguruko mintegia egingo dute bihar herrira egokitutako edukiekin

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 13a, 09:11

Emakumearen kontrako indarkeriari aurre egiteko ekitaldien baitan antolatu du mintegia Parekidetasun Sailak

Ninguna mujer nace para puta liburua oinarri hartuta zuzenduko du Maria Galindok saioa

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna izango da hilaren 25ean. Egun horren bueltan hainbat ekitaldi antolatu du aste honetarako Udaleko Parekidetasun Sailak, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako kontzientzia pizteko asmoarekin. Biharko prostituzioari buruzko mintegia izango da, 09:30ean, Sindikatu Zaharrean.

Ninguna mujer nace para puta liburua oinarri hartuta lau ordu inguruko saioa egingo dute bihar goizean. Liburua, Boliviako Mujeres Creando Mugimendu Feministako kideek idatzitakoa da. Bertako kide da Maria Galindo eta berak zuzenduko du biharko saioa ere. Edurne Aranbarri Udaleko Parekidetasuneko teknikariaren esanetan, "mintegia irekia da herritar guztientzako eta parte hartu nahi duenak bihar Sindikatu Zaharrera azaldu besterik ez du".

Bereziki Azpeitirako prestatua

Bihar, berriz, Azpeitirako bereziki prestatutako saioa emango du Maria Galindok, prostituzioaz. "Galindok urteak daramatza prostituzioaren gaia lantzen. Nonbait Azpeitian, emakume taldearen baitan prostituzioari buruz eztabaidatu dute eta gaia landu nahi dute. Antza denez, prostituzioa poteoko tokietara hurbildu da eta hainbat kezka sortu da. Kontu honekiko postura bat hartu nahi dute, zer eta nola egin dezaketen jakinda", esan du Galindorekin lanean dabilen Idoia Romanok.

Romanoren ustez herritarrek kezka hori izatea positiboa da, "postura bat hartu aurretik ikasten hasi nahi dutelako, nola jokatu eta zer egin dezaketen jakinik. Horrek, emakumearen mugimenduak heldutasuna duela erakusten du". Biharko eztabaida aberatsa izango delakoan dago Romano.

Euskal Herrian herriz herri dabil Idoia Romano Amazonas, mujeres indomables dokumentala aurkezten. Asteartean, Azpeitian aurkeztu zuten. Filmean, Argentinako, Buenos Aireseko, emakume etorkinen kasu aztertzen du. Romanok Urola Kostako Hitzari azaldu dionez Azpeitian asko kostatu zitzaion jendeari hitz egitea: "Dokumentala ikusi eta gero jendea inpresionatuta gelditzen da. Lehen pertsonan hitz egiten dute dokumentalean emakumeek, tratu txarrei aurre nola egin behar izan dieten eta bizi izan duten borroka kontatzen dute. Asteartean hitzaldira etorri zirenek ziotenez, Azpeitian horrelako gauza bat egitea ezinezkoa izango litzateke, hipokresia asko dagoelako, eta gauzak ez direlako kontatzen. Mugimendu feministakoak ziotenez, nahiz eta jakin tratu txarrak jasotzen ari diren emakumeak daudela, jendea haiei zuzenean laguntzen ez da ausartzen".