Loiolako santutegiko bisita gidatuek harrera ona izan dute udan

Loiolako Santutegia.

Guztira, 766 lagunek hartu zuten parte uztailaren 15etik abuztuaren 15a bitartean antolatu zituzten hainbat bisitetan

Hainbat balorazio jaso dituzte Loiolako santutegiko arduradunek eta hauen ustez, giden lana izan da arrakastaren giltzarria

Loiolako santutegian udan zehar egin diren bisita gidatuak harrera ona izan dutela adierazi dute santutegiko arduradunek. Uztailaren 15etik abuztuaren 15a bitartean egindako bisitetan 766 lagunek hartu zuten parte, guztira. Horietatik guztietatik %23 uztailean izan ziren eta gainerako %77a, berriz, abuztuan. Bisitari gehienak turistak izan dira.

Bisitari kopuru guztien artean 307 lagunen balorazioa jaso du santutegiak: "Bisitatu gaituztenen %40en erantzunak jaso ditugu eta bisitarien iritzia jasotzeko tasa garrantzitsua dela iruditzen zaigu". Galdetegiak banaka zein taldeka erantzun dituztela azpimarratu dute arduradunek, "ondorioz, persona askoren iritzia biltzen da bertan".

Giden lana giltzarri Bisita gidatuak izandako arrakastaren giltza bertan lan egin duten gidek eurek izan dutela nabarmendu dute Loiolako santutegiko arduradunek, galdetegiko erantzunak bildu eta aztertu ondoren: "Giden esperientziak, profesionaltasunak eta gaiarekiko erakutsi duten sentsibilitateak eragin zuzena izan du bisitarien balorazioan".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide