Kalitatearen ziurtagiria jaso du San Martin egoitzak

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 10a, 09:11
San Martin egoitza Fundazioko lehendakari Julian Eizmendi ziurtagiria jasotzeko ekitaldian.

Ekainean hartu zuten ziurtagiria lortzeko erabakia eta urtea bukatzerako lortu dute beraien helburua

Ziurtagiria jaso ondoren San Martin egoitzako Asteko ekitaldiak hasi zituzten

San Martin egoitzak kalitatearen ziurtagiria jaso zuen atzo eguerdian. Hori dela-eta, Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak egoitzako zuzendaritza eta langileak zoriondu zituen. "Lau urte badira egoitza handitzeko eta eraberritzeko lanekin hasi ginela. Egoitzako azpiegiturak eta zerbitzua hobetzeko ahaleginak egin dira, eta egiten jarraituko da", esan zuen Eizmendi alkateak.

San Martin egoitzan ekainean hartu zuten ziurtagiria lortzeko ahaleginak egiteko erabakia: "Urtea bukatzerako ziurtagiria lortzea zen helburua, eta lehenago lortu da. Horrek esan nahi du egoitzako jendeak lan asko egin duela hori lortzeko". Ziurtagiriarekin segitzeko aurrerantzean ere lan egin beharko dela gaineratu zuen alkateak, "ziurtagiriaren kontua dinamikoa izaten delako".

Manolo Aizbitarte egoitzako kudeatzailearen esanetan, "denon ahaleginari esker lortu dugu ziurtagiria, baina bide bakarra egoiliarrei zerbitzu hobea ematea da".

Alkateak, egoitzak aurrera begira dituen asmoak ere gogora ekarri zituen atzo bertan egindako ekitaldian. San Martin egoitzako kanpoko lorategian lanak egin dituzte, eta plaza antzeko bat jarri dute erdian. "Berehala bukatuko dira lorategiko lanak. Datorren urtera begira, berriz, laugarren solairua eraberritu nahi da. Solairu hori, hamar egoiliar gehiago hartzeko moldatuko da", zioen Eizmendik.

Behin kalitatearen ziurtagiria jasota, San Martin egoitzako Astearen ekitaldiak hasi zituzten egoiliarrek. Aurrena, egoiliarrek hainbat doinu jo zuten musika tresna desberdinekin. Ondoren, Joxe Agirre eta Imanol Lazkano bertsolarien bertsoekin gozatzeko aukera izan zuten. Arratsaldean, berriz, Edurne Zubia Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikoaren hitzaldia izan zuten.

Ekitaldiak larunbatera bitartean izango dira egoitzako Astearen baitan. Gaur, 10:30ean, karta txapelketa eta jokoak izango dituzte. Eta, 16:15erako, txokolate-jana eta bingoa antolatu dituzte.