Emakumeen kontrako indarkeria lantzeko hainbat ekimen egingo dute

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 9a, 12:11

Gazteei zuzendutako "Beldur barik" kanpaina eta indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa abiatuko ditu

2010ean Emakumeentzako Azpeitiko Jabetze Eskola martxan jarriko dutela aurreratu dute

Azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako eguna dela-eta Azpeitiko Udalbatzak adierazpena onartu du aho batez. "Gure herriko arazo soziopolitiko garrantzitsuenetako bat bihurtu da eta gai honi dagokion lehentasuna eman beharra" dagoela adierazi dute.

Gazteengan jarri nahi izan dute arreta aurten eta horretarako neska gazteengan zentratuko den Beldur barik izeneko kanpaina abiatuko dute. "Gazteak, berez, ez dira beldur, baina beldurra izaten irakasten zaie. Horregatik, baliabideak eman behar dizkiegu. Ahul bihurtu nahi dituzten ezaugarriak identifikatzeko eta indarkeri honi aurre egiteko dituzten gaitasunen jabe egiteko prebentzioan ari gara lanean", dio Udalaren deklarazioak.

Neska gazteei indarkeriari aurre egiteko baliabideak emango dizkien programak garatzeko asmoa du Udalak. Jarrera sexistak prebenitzeko mutil gazteekin ere lan egitea ezinbestekotzat jo du eta arlo horretan lanean jarraitzeko konpromisoa ere berretsi du.

Hartutako konpromisoak

Bere eskumenen atalean eta indarreko legea aplikatuz udal politika "aktiboa, integrala eta koordinatua" garatzen jarraituko duela hitz eman du Azpeitiko Udalak. Horretarako, datorren urteko aurrekontuetan indarkeriari aurre egiteko protokoloa diseinatzeko eta martxan jartzeko konpromisoa hartu du.

Ikastetxeetako hezkidetza programaren bidez "nerabeenganako eta gazteenganako indarkeriari erantzuten" jarraituko dutela jakinarazi dute. Bide horretan, 2010ean Emakumeentzako Azpeitiko Jabetze Eskola martxan jarriko dutela aurreratu dute.

Parte hartzeko gonbidapena

Etzi hasi eta azaroaren 25a bitartean hainbat ekimen antolatu dute emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko kontzientzia pizteko. "Herritarrei gonbidapena egin nahi diegu, bereziki herriko gazteei, azaroaren 25ean egingo diren ekimenetan parte hartzeko".

Egitaraua

Azaroak 10, asteartea. 19:00etan, Betharram aretoan, Amazonas, mujeres indomables dokumentala eta eztabaida, Mujeres creando Boliviako emakume elkartearen eskutik.

Azaroak 14, larunbata. 19:30ean, Sindikatu Zaharrean, Ninguna mujer nace puta liburua oinarri hartuta, prostituzioaren inguruko eztabaida.

Azaroak 25, asteazkena. Bilgune Feministak antolatuta: 19:30ean, plazan, elkarretaratzea. 21:00etan, Betharram aretoan, Voces filmaren emanaldia.

Azaroak 26, osteguna. 19:30ean, Sindikatu Zaharrean, autodefentsa txokoa, Bilgune Feministak antolatuta.