Ingurumen kontzientzia zabaldu asmoz

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 3a, 18:11

Hil honetan hainbat ekitaldi antolatu dute Ingurugiro Etxea Fundazioak eta Azpeitiko eta Azkoitiko udalek

Gaur hasiko dira ekitaldiak, Hodeiak eta meteoroak erakusketarekin

Ingurugiro Etxea Fundazioak, Azpeitiko Udalak eta Azkoitiko Udalak "ingurumen kontzientzia eta informazioa zabaltzeko" asmoarekin hainbat ekimen antolatu dute hilabete honetarako. Bihar hasi eta azaroaren 25era arte bi herrietan egingo dira ekitaldiak eta Ingurugiro Etxea Fundaziotik esan dutenez, biodibertsitatearekin lotutakoak dira.

Joan den ikasturtean, Azkoitiko eta Azpeitiko eskoletako umeekin Eskolako Agenda 21 proiektuaren baitan biodibertsitatea landu zuten: "Bi udalerrietako biodibertsitatea nola zegoen aztertu eta hobetzeko zer egin aztertu zuten". Hasi berri den ikasturtean, Ingurugiro Etxea Fundazioak ildo horrekin jarraitu du lanean, eta oraingo honetan elikadura izango dituzte ardatz. "Lana ikastetxeekin eta ikasleekin soilik egiteak zentzurik ez duelako, herritarrei zuzendutako hainbat jarduera antolatu dugu azarorako", esan dute ekimenaren antolatzaileek.

Hilabete osoan zehar antolatutako ekimenen helburua, biodibertsitateari eta bere inguruan dauden arazo eta proposamen berriei buruz eztabaidatzea da. Hala, Azkoitian eta Azpeitian antolatutako ekitaldien artean besteak beste honakoak daude: hitzaldi zikloa, erakusketa, ingurumen zine zikloa eta ibilaldia.

Ekitaldiak bihar hasiko dira, Hodeiak eta meteoroak erakusketarekin. Betharrametan egongo da, bihartik hilaren 13ra bitartean, 18:00etatik 20:00etara.

EGITARAUA

Erakusketa

Azaroaren 3tik 13ra: Azpeitian, Betharrametako aretoan. 18:00etatik 20:00etara. Hodeiak eta meteoroak erakusketa.

Azaroaren 16tik 26ra: Azkoitian, Elkargunean. 17:00etatik 19:00etara. Hodeiak eta meteoroak erakusketa.

Zine zikloa

Azpeitiko Ta3.Zine Klub Taldearen laguntzarekin. Azpeitian Betherrametan, 21:30ean.

Azaroak 4, bihar. El somni filma.

Azaroak 5, etzi. Cenizas del cielo filma.

Hitzaldi zikloa

Azaroak 3, gaur. Azpeitian, Betherrametan, 19:00etan. Fenomeno atmosferikoak. Klima aldaketa. Hizlaria: Margarita Martin. Hitzaldia gazteleraz da.

Azaroak 11, asteazkena. Azpeitian, Betherrametan, 19:00etan. Landare inbaditzaileak: arazoak, prebentzioa eta kontrola. Hizlaria: Maria Azpiroz, Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailekoa.

Azaroak 12, osteguna. Azpeitian, Betherrametan, 19:00etan. Zer gertatuko litzateke erleak desagertuko balira?. Hizlaria: Martxel Aizpurua, biologo eta erlezaina.

Azaroak 15, igandea. Azpeititik Azkoitira arteko bidegorrian ibilaldia. Zuhaitz eta zuhaixken identifikazioa. Hizlaria: Anais Mitxelena eta Joana Garcia, Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika saileko kodeak.

Azaroak 18, asteazkena. Azkoitian, Intxausti jauregian, 19:00etan. Nekazaritza eta biodibertsitatea: eskutik; baina antzeko bidetik? Hizlariak: Xabier Akizu, Biolurreko lehendakaria, okina eta fruitu ekoizlea eta Juan Kruz Alberdi, EHUko Geografia irakaslea eta Behemendi mendi nekazaritza elkarteko zuzendaria.

Azaroak 19, osteguna. Azkoitian, Intxausti jauregian, 19:00etan. Nola lortu egurra ez den errendimendu ekonomikoa basogintzatik.

Azaroak 25, asteazkena. Azkoitian, Intxausti jauregian, 19:00etan. Gaia: Fenomeno atmosferikoak. Klima aldaketa. Hizlaria: Margarita Marin. Hitzaldia gazteleraz izango da.