San Martingo laugarren solairuko lanei bidea egiteko, Soreasurako EAJren asmoa onartu du oposizioak

Atzo, San Martin egoitzaren aurrean, EAko Manuel Unanue, Aralarreko Juan Karlos Arellano eta IƱaki Errazkin hautetsi independentista.

Atzo, asteazkena, San Martin egoitza aurrean prentsaurrekoa eman zuten oposizioko alderdiek

Hautetsi independentistek, EAk eta Aralarrek diotenez, egoitzan tokia egitea "presazkoa" da; Soreasuko auditorioa bukatzeko 900.000 euro jarriko ditu Udalak

San Martin Egoitzako laugarren solairuan lanak egin eta lehenbailehen hamar egoiliar gehiagorentzako tokia egitea "ezinbestekotzat" jotzen dute Azpeitiko hautetsi independentistek, EAk eta Aralarrek. Baina, hori egiteko, Soreasuko auditorioa bukatzeko EAJren asmoa onartu behar izan dutela salatu dute.

Hiru alderdietako ordezkariek azaldu dutenez, Udal Gobernua osatu zutenean eta baita gaur egun ere, garbi dute Udalaren lehentasunak gizarte zerbitzuak eta justizia soziala izan behar dutela: "Eguneko zentro berria, haur eskola zabaldu eta hobetzea, etxez etxeko zerbitzua hobetzea, San Martin Egoitza eraberritzea eta handitzea... 2008an, mojak joan ondoren, San Martin Egoitzako laugarren solairua hutsik gelditu zen. Orduan, solairu hori berrerabiltzeko han hamar egoiliarrentzako tokia egitea presazkotzat jo genuen". Oposizioak dioenez, orduan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egin eta haiek ere ondo ikusi zuten egitasmoa.

Aurten oztopoak

Baina, aurten, kontuak bestela joan direla salatu dute, eta San Martingo laugarren solairuko proiektua aurrera eramateko "oztopoak" aurkitu dituzte: "Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarrera aldatu du. Esan ziguten San Martin Egoitzako egitasmoarekin ahazteko, haientzako ez zelako lehentasuna". Bestetik, Azpeitiko EAJrentzako ere San Martinen egoiliar gehiago hartzeko tokia ez dela lehentasuna diote oposiziokoek: "Aurtengorako udal aurrekontuen proposamenean dirurik ez zuten jarri San Martin Egoitzarako. Gero, guk proposatu genuen San Martinerako dirua jartzea, eta onartu egin behar izan zuten".

San Martingo kontuak horretan zeudela, Soreasuko auditorioa bukatzeko hainbat diru laguntza jasoko zutela jakin zuten Azpeitiko Udalean: Kutxak 750.000 euro emango ditu, hiru urtetan banatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.000.000 euro emango ditu, hiru urtetan banatuta, eta Eusko Jaurlaritzak 600.000 euro emango ditu, bi urtetan banatuta. Baina, nahiz eta laguntza horiek jaso, auditorioa bukatzeko Udalak 900.000 euro jarri beharko ditu, hiru urtean. "Soreasurako Udalak diru gehiago jartzea onartu nahi bazuten, San Martin Egoitzako egitasmoari ere irtenbidea eman beharra zegoela esan genuen guk orduan", dio oposizioak.

Foru Aldundian bilera

Oposizioak jarritako baldintza eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako foru diputatu Maite Etxanizekin bilera egin zuten Udaleko alderdi guztietako ordezkariek. "Bileran, Maite Etxanizek agindu zigun 2010erako bost egoiliar gehiagorentzako tokia baimenduko zutela, eta gainontzeko beste bostak 2011rako eramango zituztela". Erantzun horren ondoren, "aurten egoitzako lanak martxan jartzeko abiapuntua ikusi eta aukera horri gure bidea ez ixtea erabaki dugu. Aurrera egin eta Soreasuko auditoriorako asmoa onartzea erabaki dugu".

Horrela, San Martin Egoitzan 2011rako hamar lagun gehiago hartzeko modua egongo da. Orain egoitza beteta dago, eta itxaron zerrenda du. "Azpeitiar batzuk beste herri batzutako egoitzetan daude, herrikoan tokia noiz egingo zain".

Gaur, 20:00etarako, udal batzar berezia deitu dute, eta landuko duten gai zerrendan Soreasuko auditoriarena dago.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide