Gaztetxeko bosgarren ikasturtea antolatzeko bilera deitu dute biharko

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 15a, 12:10

Gaztetxea "etorkizuna irabazteko" lortu zutela diote, hori lortzeko egunero lan egin beharra dagoela adieraziz

Herriko gazteak biharko deitu duten batzarrean parte hartzera animatu dituzte Gazte Asanbladakoek

Uda bukatu eta "lanerako garaia" dela diote Azpeitiko Gazte Asanbladakoek. Horretarako, lanean hasteko, biharko bilera zabala deitu dute, 19:0etan, Gaztetxean. Bileran, Gaztetxearen bosgarren ikasturtea prestatzen hasiko dira. "Ikasturteko lehen batzar honetan gaztetxeen historia eta helburuak, geure gaztetxea lortzeko egin behar izan genituen ekintzak,aurreko urte hauetako dinamika eta aurrera begira eman beharreko pausoak aztertuko ditugu besteak beste", diote Gazte Asanbladakoek.

Bosgarren ikasturtea hasiko dute Gaztetxean, eta berezia izatea nahi dute. "Zenbaki biribilek beti izan dute berezitasun bat, eta beharrezkoa den ilusio horrekin heltzeko asmorik ez zaigu falta Gaztetxeko kideoi". Gaztetxea lortu zutenetik gaur egunera artekoa "aberasgarria" izan dela diote, "hainbat ekitaldi eta borroka aurrera eramateaz gain, Azpeitiko aisialdiari bultzada nabarmena eman diogulako". Ekimenak antolatzeko eta gauzatzeko lokala Gaztetxea dutela diote Gazte Asanbladakoek: "Lortzea hainbeste kostatu zitzaigun, eta gogoz eutsi behar diogun altxorra da"

Gaztetxea "etorkizuna irabazteko" lortu zutela diote, eta hori lortzeko egunero egin beharra dagoela nabarmendu dute Gazte Asanbladakoek,"gazteriaren isiltasuna eta pasibitatea gure galbidea baitira". Gazte Asanbladaren asmoa, sorreratik Gaztetxean gazteen harremana sendotzeko gune bat sortzea izan da, "guztion ahotsak leku izango duen bozgorailu bilakatuz, ekitaldien eta ekintzen bitartez parte-hartzea bultzatuz, aldarrikapenak jorratuz..." Gaztetxekoen esanetan, bide horretatik "jarraitu beharra" dago, gazteriak dituen beharrei erantzun ahal izateko. Lanerako tresna nagusia batzarra izan ohi dutela diote: "Asanbladatan gazte orok duelako bere iritzia emateko aukera eta erabakiak hartzeko eskubidea".

Herriko gazteak biharko deitu duten batzarrean parte hartzera animatu dituzte Gazte Asanbladakoek, "guztion artean urte hau besteak bezain oparoa izatea lortu behar dugulako". Batzarra bukatu ondoren, pintxoak izango direla azaldu dute.