Bi lagun atxilotu dituzte, herriko baserri batean lapurreta egitea egotzita

Bi gizonezko dira, 31 eta 35 urtekoak

Atzo (urriak 8) gauean atzeman zituzten ertzainek epaitegi inguruan, liskarrean ari zirela

Bi gizonezko, 31 eta 35 urtekoak, atxilotu zituzten atzo (urriak 8) ertzainek Azpeitian, herriko baserri batean lapurreta egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailak jakinarazi duenez, 21:20ak aldera atxilotu zituzten ustezko lapurrak, Euskal Herria kalean.

Epaitegi inguruan bi lagun liskarrean ari zirela-eta inguratu ziren hara ertzainak. Sesioan ari ziren bi gizonezkoei poltsa bat atzeman zieten. Barruan, besteak beste, izoztutako jakiak, hiru erloju, bi telefono, zenbait bitxi eta kontsola bat topatu zituzten poliziek. Azpeitiko baserri batetik ordu batzuk lehenago lapurtutako objektuekin bat zetorren poltsaren edukia eta atxilotu egin zituzten bi gizonak, aipatu lapurreta egotzita.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide