Bezeroak baino gehiago, galderak

Berria 2009ko ira. 18a, 13:09

Eusko Jaurlaritzak altzari berriak erosteko agindutako laguntzek nahasmena sortu dute lehen egunetan, informazio faltagatik

Bi milioi euroko aurrekontua berehala gastatuko dela diote altzari saltzaileek

Bizpahiru egunotan, ohi baino sartu irten handiagoa dabil Azpeitiko altzari dendetan. Berri ona litzateke hori, salmentetan eraginik antzemango balute. Baina, apenas saldu dute ezer. Eta aurretik itxita zituzten zenbait operazio bertan behera geratu zaizkie, momentuz.

Asteartean Eusko Jaurlaritzak altzari berriak erosteko agindutako laguntzen ondorioak dira horiek, saltzaileek eurek ere komunikabideei esker izan baitute egitasmoaren berri.

Nahasmenak nahasmen, oro har, altzari saltzaileek begi onez hartu dute Eusko Jaurlaritzak eman dien bultzadatxoa. "Kontsumoari mesede egingo diola uste dugu, zalantzan zeuden bezeroak animatzeko balioko duela", dio Alex Arrizabalaga Lar altzari dendako zuzendariak.

Badute horren beharra. Izan ere, Ikusmer Merkataritzaren Behatokiak emandako datuen arabera, aurtengo lehen hiruhilekoan, iazkoan baino %32,7 gutxiago saldu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako altzari denda txikiek.

Enbor Euskal Herriko altzari fabrikatzaileen elkarteak ere "positibotzat" jo du berria. Leire Aldabaldetreku idazkari nagusiaren esanetan, "lehen aldia da sektorearen alde horrelako zerbait egiten dutena, eta eskertzekoa da". Onartu du, herenegun dezenteko nahasmena sortu zela, saltzaileek ez baitzekiten nora jo planaren inguruko xehetasunak jasotzeko. "Baina, dagoeneko SPRIren webgunean dago beharrezko material guztia".

Hala ere, bada Eusko Jaurlaritzaren egitasmoari mesfidatiago begiratzen dionik, Ramon Goenaga Lasao altzari dendako zuzendaria, esaterako. "Laguntzak ematea oso ondo iruditzen zait, baina ikusi egin beharko da gauza nola joaten den".

Kontua da, Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro jarri dituela kontsumitzaileen eskura, eta altzari saltzaileei gutxiegi iruditzen zaiela. Familia bakoitzak jaso dezakeen gehienezko laguntza kontuan hartuta, bi mila salmenta operazio bakarrik egin ditzaketela diote. Arrizabalagaren hitzetan, "ohartzerako gastatuko dira bi milioi euroak, haizeak eraman balitu bezala".

Altzari sektoreko elkarteek joan den ostiralean egin zuten batzarra Eusko Jaurlaritzako Merkataritza saileko arduradunekin. Aldabaldetrekuren arabera, aurrekontuak hilabete eta erdi iraungo duela uste du Eusko Jaurlaritzak.

Egitasmoak, berez, kontsumoa bultzatzea du helburu. Baina, litekeena da, zeharka, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako altzari ekoizleei ere mesede egitea. Goenagaren iritzian, ordea, "egitasmoak fabrikazio sektorearen zati txiki bati baino ez dio lagunduko". "Bezero bat dendara doanean, litekeena da hemen egindako altzari bat gustatzea, baina litekeena da ere Txinan egindako bat gustatzea. Hori ez dago kontrolatzerik".

Gauza bera dio Aldabaldetrekuk ere, alegia, "eragina mugatua" izango dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako altzari ekoizleei dagokienean. "Gainera, Euskal Herrian egiten diren salmentak gure fakturazio osoaren %15 besterik ez dira". Enbor elkarteko idazkariaren hitzetan, "Jaurlaritzari eskatu genion laguntzak Euskal Herrian egindako altzarietara mugatzea, baina ezezkoa eman zigun, hori lehiaren kontra zihoala eta".

Informazio gehiago: Berria