Leo Etxeberriaren biografia aurkeztu du Uztarriak

Uztarria.eus 2009ko uzt. 18a, 15:07
Inaxita Bereziartua Leo Etxeberriaren alarguna, Maite Aramendi Uztarriako kidea eta Miren Garate liburuaren egilea, gaurko (larunbata) aurkezpenean; Baigeran izan da.

Inaxita Bereziartua alargunarentzat "Leoren oroitzapen asko eta garai bateko bizimodua gogora ekartzeko" balio izan dio liburuak

Miren Garatek idatzi du biografia

Leo Etxeberria zenaren biografia aurkeztu du Uztarria Komunikazio Taldeak gaur, larunbata. Uztarriak 2009an hainbat azpeitiarren soslaiak egiteko proiektua jarri zuen abian martxoan, eta Etxeberriarena proiektuko bigarren alea da. Lehenengoa, Julian Bereziartuaren biografia izan zen.

Baigera aretoan egin dute aurkezpena, eta lepo zegoen. Leo Etxeberriaren alarguna eta semeak, haren familiako beste kide eta lagun batzuk, Azpeitiko lau udal taldeetako ordezkariak, Ramon Etxezarreta Eusko Jaurlaritzako hizkuntz politikarako arduradun eta Azpeitiko zinegotzi izandakoa, Azpeitiko beste hautetsi ohi batzuk...

Euskaltzalea eta kulturzalea izan zen Etxeberria, idazlea, Azpeitiko zinegotzia, herriko ikastolaren sorrera garaiko bultzatzaileetakoa, ELAn aritu zen...

Miren Garate Berria-ko kazetariak idatzi du biografia. "Leok lan handia egin zuen hainbat arlotan, eta hori guztia testuinguru zail batean egin zuen. Ez nuen Leo ezagutu, ni jaio baino urte batzuk lehenago hil zelako, baina guztiek esan didatenez, Leok liburu hau eta gehiago merezi zituen".

Inaxita Bereziartua Leoren alarguna hunkituta agertu da liburuaren aurkezpenean. "Leoren oroitzapen asko gogoratu ditut, baina ez hori bakarrik: garai bateko bizimodua gogora ekartzeko ere balio izan dit", azaldu du.

Lehen liburua du Garatek. Uztarriaren helburuetako bat komunikazio munduan diharduten azpeitiar gazteei aukera ematea da liburua idazteko.

Inaxita Bereziartuak eskerrak eman dizkio Uztarria Komunikazio Taldeari, "Azpeitiko kulturgintzan egindako lan guztiagatik. Euskal kulturgintzak gazteen beharra du. Liburu honi esker konturatu naiz duela urte batzuk erronka batzuk zeudela, eta gaur egun ere hor jarraitzen dutela. Garrantzitsua da gaurko gazteek erronka horiei aurre egitea", azaldu du Inaxitak.

Udazkenean hurrengo liburuxka

Liburuxka biografikoen helburua azpeitiarrak euskarazko liburuak irakurtzera bultzatzea da eta historiaren ondarea jasotzea.

Guztira, hamabi-hamalau liburuxkek osatuko dute bilduma. Dagoeneko bi argitaratu ditu Uztarriak, eta hirugarrena udazkenean aurkeztuko du: Valentina Agirre emaginaren bizia jasoko du eta Olatz Pratek idatziko du.

Bazkideek etxean jaso dute dagoeneko Leo Etxeberriaren biografia. Erosi nahi dutenek herriko liburudendetan eta Uztarriaren egoitzan eskuratu ahal izango dute, bost euroren truke.

Uztarriaren produktuak

LIBURUAK

Joxe Takolo. Enekoitz Esnaola, 2001

Angel Otaegi. Iban Arregi, 2001

Imanol Elias. Mailo Oiarzabal, 2002

Patxi Altuna. Josune Etxeberria, 2003

Azpeitiko efemerideak. Imanol Elias, 2003

Azpeitiko mendi gida. Lagun Onak Mendi Bazkuna eta Uztarria Kultur Koordinakundea, 2004

Euskarazko prentsa eta Azpeitia. Uztarria Kultur Koordinakundea, 2004

Loiolarik ez balitz. IƱigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi, 2005

Otsobeltz. Andoni Salegi, 2005

Urrestillako musika taldeak. Asier Sustaeta, 2006

Azpeitiarrak Espainiako Gerran. Amaia Mendizabal, 2006

Oroitarri. Kepa Urbieta, 2008

CD-A

Urolaldeko bertso zaharrak. Erniarraitz Bertsozale Elkartea eta Uztarria Kultur Koordinakundea, 2007

LIBURUXKA BIOGRAFIKOAK

Julian Bereziartua. Ander Ugarte, 2009

Leo Etxeberria. Miren Garate, 2009

Liburuak (gehien-gehienak) osorik hemen irakur daitezke: ziberteka atalean.