Udalak aginduta ezker abertzaleko pankartak kendu izana salatu dute

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 26a, 14:06

Azalpenak eskatu dituzte Udalean eta pankartek diotenarekin "ados ez daudela" izan da jasotako erantzuna

"Kritika politiko guztiak adierazpen eskubidearen barruan ulertu behar dira", diote ezker abertzalekoek

EAJk aginduta, PNV, Udalean inposiziorik ez! leloa zuten pankartak herriko hormetatik kendu dituztela salatu dute ezker abertzalekoek, "Azpeitiko EAJk, alkatetza bere esku baitago, udaletxeko langileei hainbat pankarta kentzeko agindu die aste honetan". Ezker abertzalekoen esanetan ez da lehen aldia hori gertatzen dela, "Europako hauteskunde kanpainan Iniziatiba Internazionalistaren kartel eta pankartak kentzeko agindua eman zuten".

"Kritika politikoa"

Ezker abertzalekoek diotenez, udalean pankartak kentzeko aginduaren inguruko azalpenak eskatu dituzte, eta jaso duten erantzuna "pankartetako leloarekin ados ez daudela da, gezurra dela". Ezker abertzalekoen ustez, pankartetan azaltzen dena "kritika politikoa besterik ez da. Kritika politiko guztiak, ados egon ala ez, gustuko izan ala ez, adierazpen eskubidearen barruan ulertu behar dira". Azpeitian EAJren kudeaketa kritikatzerik eta jarrera aldatzeko eskatzerik ez al dagoen galdetu dute, "hau al da EAJk demokrazia eta adierazpen askatasuna ulertzeko daukan modua?".

"Alkatetza eskuratuta, badirudi berriro beraien prepotentzia eta autoritarismora itzuli direla, zoritzarrez", diote ezker abertzalekoek. Hauen arabera, aste honetan herriko postontzi guztietara banatu duten Azpeitian Zer? aldizkarian alkatearen liberazioaren inguruko hainbat adierazpenekin ez daude ados "inondik inora". "EAJkoek pankartekin ezarri duten irizpidea erabiliko bagenu zer egin beharko genuke, aldizkari horiek denak postontzietatik atera eta zakarrontzira bota? Astakeria dirudi, ezta? Bada, gauza berdina egin dute pankartekin. Desberdintasuna, aldizkari hori herritar guztion diruarekin egiten dela da", diote.

Pankartak kenduta, EAJk pankartako leloa "berretsi" egiten duela esan dute ezker abertzalekoek, "pankartetan PNV, Udalean inposiziorik ez bagenion, orain gainera PNV, herrian inposiziorik ez diogu".