Garikoitz Mendizabal: "Umea nintzela erabaki nuen txistutik bizi nahi nuela; oso garbi neukan"

Euskal Herriko Txistulari Elkarteko lehendakaria da eta Azpeitiko Izarraitz Txistulari Taldeko kidea

Datorren ekainean pieza berriz osatutako diskoa emango du argitara

Aurreko belaunaldien eta gaurkoen arteko zubi lana egin du. Bonifazio Fernandez eta Polentzi Gezalaren lekukoa hartuta, birtuosismoaren bidea aukeratu du. Haurra zela erabaki zuen, ingurukoengan harridura eta kezka sortuz, txistutik bizi nahi zuela, eta egun batez amestutakoa gainditu egin du. Ez da geldirik egotekoa Garikoitz Mendizabal. "Nahiko ipurtarina naiz...", onartu du elkarrizketaren hasieran. Bilboko Udal Txistu Bandako zuzendaria, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko lehendakaria, hainbat txistulari taldetako kide (Azpeitiko Izarraitz Txistulari Taldekoa, adibidez)... Bakarka ere hainbat proiektu landu ditu. Datorren ekainean pieza berriz osatutako diskoa emango du argitara, Kepa Junkerak ekoitzitako lana. Udazkenerako, berriz, Aitor Furundarenarekin landutako errepertorioa jasotzen duen diskoa kaleratzekotan da.

Oso gertukoa izan arren –“nork ez du inoiz txistua jo?”, dio–, oraindik ere musika tresna ezezaguna dela aitortu du zestoarrak. Bilboko Euskalduna Jauregian, astero, 600 pertsona inguru Bilboko Udal Txistularien Bandari adi-adi egotea lortu du taldekideekin batera eta ez da gutxi. Entzuleek, horrela, txistuak eskaintzen dituen aukerak gertuagotik ezagut ditzakete.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteko lehendakari zara azken urteotan. Nola planteatu zenuen betebehar hori?

2003tik naiz elkarteko lehendakaria. Momentuan tokatzen diren lanak izaten dira. Gurea mundu txikia denez, eta honetatik bizi garenok are gutxiago garenez, ardurak hartu egiten dira eta gero kosta egiten da uztea. Nik uste hurrengo urtean tokatuko zaidala uztea. Pozik hartu ditut elkartearentzat lan egiteko urte hauek, hori ere egin behar delako. Egoitza Errenterian daukagu. Elkarteak historia luzea dauka, 1927an sortu zen eta. Gerragatik etenaldia izan zuen eta ondoren jarraitu egin zuen. Elkartea oso ondo antolatuta dago eta niri dena koordinatzea tokatzen zait. Beste gauza askoren artean “Txistulari” lauhilabetekaria ateratzen dugu. Bere lantaldea du eta oso aldizkari garrantzitsua da. Europan ere zaharrenetakoa da. Askotan txistularioi proiektuak saltzen ez dakigula gertatzen zaigu. Beste batzuk, askoz gutxiagorekin, hobeto egiten dute. Guk herentzia bat jaso dugu eta inertziaz egiten jarraitzen dugu.

Gaur egungo gizartean "saltzea" ezinbestekoa da.

Bai, egindakoa mediatikoki ez baduzu esplotatzen, ez zara existitzen. Azken hamarkada hauetan, gizartea erabat mediatizatu denean, faltan dugu diskografia txukun bat, adibidez, irratietan eta telebistetan zuzenek0 emanaldiak eskaintzeko. Zergatik gertatu da hori? Ez behintzat geldirik egon garelako, begiratu bestela txistuak egin duen bide luzea. Baina egia da ez dugula jakin, beste folklore musika tresna batzuekin gertatu dena egiten: munduan libre ibili direnak, pertsona batzuk lideratuta, komertzialki edo enpresarialki begiratuta ere, nahi duzuna, baina mugitu egin dira. Alboka, txalaparta eta trikitixaz ari naiz, esaterako. Horiek euren lekua aurkitu dute.

Musikari jakin batzuen ekimenari esker izan da.

Bai, txistuarekin ere gauza bera gertatu da. Gu profesionalki txistutik bizi gara 70eko hamarkadaren hasieran Jose Inazio Ansorenari buruan sartu zitzaiolako txistua ofizialki irakaskuntzan sar zitekeela. Hori ez da zerutik erortzen. Pertsona batek lideratu zuen, martxan jarri zuen organologikoki behar zen moduan –ez ordura arte bezala, etxean ahal zen moduan egindako txistuekin–, irakaskuntzarako metodologia bat prestatu zuen, kontserbatorioetan sartu zuen eta beste etapa bat hasi zen, asko markatu gaituena, bere gauza onekin eta ez hain onekin. Hortik atera dira irakasle funtzionarioak. Abantaila asko ditugu, baina batzuk gure kontra etorri dira eta uste dut buelta eman behar zaiola.

Erakundeekiko lotura horren alde onak eta txarra zein dira?

Onen artean, batetik, lan segurtasuna dago. Horrekin batera, herri honen kulturan, historikoki, une garrantzitsuetan presente dago txistua. Txistulari batzuek beren emozio guztiarekin jotzen dute; berdin zait inaugurazio batean den edo omenaldi batean den. Hori izugarrizko balorea da. XVII-XVII. mendetik, behintzat ilustratuen garaitik hona, honelaxe gertatu da, etenik gabe. Zaindu egin behar da eta ari gara. Alde txarra baino, instrumentuari nire perspektibatik begiratzen badiot, izan daiteke udal banda batean lanean ari zarenean, musikalki, eskuak lotuta dauzkazula. Ez zaude zu zeu bakarrik.

Txistuak izugarri historia zaharra du; aldiz, azken urteotan, guri iristen zaigun pertzepzio historikoa etiketa instituzionalarekin lotutakoa da. Ez alderdi politiko bati ala besteari lotua, baina bai udalei, banden bitartez. Batetik lan instituzional hori dago, oso markatua dagoena, eta horri esker bizi gara asko, batzuk profesionalki. Horrekin batera dantzak lagunduz jo izan da txistua, oraindik ohitura zaharragoa dena. Eta, azkenik, kalean jotzen aritzen direnak, amateurrak, daude; izugarrizko piloa dira. Zeinek ez du gutxiago ala gehiago txistua jo? Dena den, hori bera, amateurtasun hori, askotan, zure kontra dator.

Zertan doa zuen aurka?

XIX. mendean nazionalismo musikala sortu zen. Txistua identitate zeinu bezala hartu zuten. Ondorioz, Ilustrazio garaitik zetorren inertzia, txukun jo beharrarena, pikutara joan zen. Berdin zen, ondo ala gaizki jo, jendea hunkitu egiten zen. Orduan ez zegoen telebistarik. Jaun eta jabe zen txistularia herriko jaietan. Gaur egun hain barneratuta daukagu tresna guztiak ondo entzun behar ditugula... baina, amateurtasun horren eraginez, txistuak ez du beti kalitatea betetzen. Eta hemen autokritika pixka bat egin behar dugu; joan zaitez herri batzuetako jaietara eta entzun itzazu txistulariak... Noski, hori aho txikiarekin esan behar dut, ni ez bainago euren kontra. Eta egia da, baita, pixka bat ondo jotzen duenak edo profesionalak garenok oso erraza daukagula jendearen aurrean ederki geratzeko. Aldiz, edozein piano-jotzaile edo biolin-jotzailek, latz jo behar du inoren aurrean agertzeko. Txistuak bere mugak ditu, ezin duzulako konparatu biolin zoragarri batekin, baina kalitatea ere zaindu behar dugu. Guztiok elkarrekin egin behar dugu borroka. Irakaskuntzan lan handia dago egiteko, axolagabe ezin dela jo ikusteko. Ari dira pausuak ematen eta garai bateko posturak, txistua heltzerakoan, adibidez, aldatzen ari dira pixkanaka.

Txistuak eman duen irudia ez al da zerbait zaharkituarena, folklorikoarena?

Bi irudi daude. Bata, zerbait zaharra, goizean diana joz gabiltzanarena, jendea ‘izorratuz’. Bestea, serio demonio gure uniformea soinean dugula ematen dugun irudia da. Horrek distantzia sor dezake gaur egungo gazteek dituzten baloreekin. Inork ez du ukatzen txistua gurea denik, baina txistulariok hor gauden zerbait gara, besterik gabe. Triki-poparen moda sortu zenean, guk hor jarraitu genuen. Hura joan zen pikutara eta gu orduan bezain ondo edo hobeto gaude. Geure gauza onak ditugu. Gauzek horrela jarraituz gero, ez gara sekula mediatikoki modan egongo, baina modatik ere ez gara pasako, irakaskuntza musika eskolek bermatzen dutelako eta ohitura batzuk kulturan oso errotuta daudelako. Ordutegiak aldatuko dira: orain dela 50 urte goizeko zazpietan jotzen ziren dianak eta, orain, 10etan jotzen badira, txapeldun. Baina hor jarraituko dugu.

Alboka eta dultzaina ere jotzen dituzu.

Bai, dultzainari ere kontsideratzen naiz. Alboka, berriz, alboratuta dut. Zazpi urte egin nituen Gasteizko udal txistulari gisa eta Folklore Eskolan dultzainarekin nahiko sakontzeko aukera izan nuen, oso maisu onekin gainera. Irakasle tituluak ere atera nituen eta ibili izan naiz klaseak ematen. Baina nire eguneroko tresna txistua da; oso ezkontza handia izan nuen hasieratik. Eskolan zazpi urterekin hasi ginen jotzen herriko txistulari amateur batzuei esker. Haiek egindako lana ezin da ukatu. Hamaika urterako kontserbatoriorako bidean nengoen. Orduan oso garbi izan nuen txistutik bizi nahi nuela. Hor izan ditut nire kontuak gurasoekin. Haiek beste zerbait ikasteko, eta nik ezetz. Garbi nuen nire esfortzuak han inbertitu behar nituela. Borroka konstantea izan da. Tutoreek ere ez zuten ikusten, baina nik hurrengoa pentsatzen nuen: “Txistu irakasle duin bat izaterik ez al dut ala?”.

Esfortzu horrek izan du bere emaitza.

Bai, nik uste baino askoz hobea.

Zerk erakarri zintuen?

Esfortzu gutxi samarrarekin etekin handia ateratzen diozu. ‘Mi-mi-sol, mi-mi-sol, sol-fa-mi, sol-fa-mi, re-re’ jotzen duzu eta hiru hilabetera herriko plazan jotzen jartzen zaituzte. Kontraproduzentea izan daiteke, baina animoa altxatu eta herriko festetan partaide sentitzeko izugarria da. Niri beti gustatu izan zait, naturalki, figuratzea eta jotzea, dakidana erakustea. Lehen esan dudanarekin badu kontraesana: nola joko nuen nik ikasten hasi eta hiru hilabetera? Baina gauzak horrela dira.

Asteazkenetako Txistua Benetan egitaraua zuk ipini duzu abian Bilbon.

Sabin Bikandiren ideia izan zen eta niri egokitu zait antolatzea. 150 laguneko areto txiki batean hasi ginen. Aurten A-1 aretoan egin dugu; 600 pertsona kabitzen dira eta dena bete da. Et Incarnatus orkestrarekin eta Bartzelonako Lizeoko dantzariekin egindako emanaldiek oihartzun handia izan dute. Tarteka saiatzen gara entzuleei amuak jartzen. Hasieran txistua oso gertutik bizi duen entzuleria genuen. Orain gu entzun eta hurrengo egunean opera entzutera doan melomanoa dator. Itxuraz, iritsi gara beste pertsona batzuengana. Ez da seinale txarra.

"Azkenaldian ez nau hainbeste erakartzen gero eta partitura zailagoak jotzeak"

Birtuosismoaren bidea hartu duzu. Behin esan zenuen ekilibrista alanbre baten gainean bezala sentitzen zarela eta gustuko sentsazioa duzula.

Bai, etiketa hori jarri didate, txistulari birtuosoarena. Bakarkako txapelketak 1994an eta 1996an irabazteak baldintzatu zuen nire ibilbidea, profil hori hartzea. Beharra ere izan zen, urte batzuetatik hona txistulari birtuosorik ez zegoen eta. Entzuleak harritzeko moduko errepertorioa prestatu behar izan nuen 20 urterekin. Irabazi nuen eta deiak hasi ziren handik eta hemendik, ez dakit nongo omenaldi batean pieza pare bat jotzeko... Zurrunbilo batean sartu nintzen eta horregatik esan nuen akrobatarena. Baina, egia esan, ekilibristaren pare eroso aritu izan naiz.

Zer eman dizu bide horrek?

Asko. Hainbat aldiz jo nuen errepertorio birtuoso hori eta horretarako forman egon behar duzu, bai mentalki bai fisikoki. 100 edo 40 pertsonako bazkaloste bat zuri entzuteko isiltzea lortzea oso polita da; sentimendua eta mezu musikala iristen ari direla eta akrobatarena ondo egiten ari zarela sentitzen duzu.

Azpian babestuko zaituen sarerik gabe sentitzen al zara?

Bai, hainbeste nota jo behar izaten dituzu, bat edo beste erortzen denean garbitzaileak jaso behar dituela. Entzuten ari denak ere esaten du: ‘Kontxo, erori duk ba!’.

Proiektu berezi bat duzu eskuartean.

Agian adinean aurrera goazelako, orain ez nau hainbeste deitzen gero eta partitura zailagoak jotzeak. Aritzen naiz, baina duela urtebetetik beste lan klase bat egiteko beharra daukat, pertsonalagoa eta intimistagoa. Oraindik ezin dizut gehiegi aurreratu baina honen emaitza ekainean ikusiko da, disko berri batekin. Bertako eta kanpoko musikariek hartuko dute parte, goi mailakoak. Pieza berriak izango dira denak. Produkzio lanetan Kepa Junkera dabil eta muga geografikoak apurtuz, Euskal Herritik kanpo txistua ezagutzeko aukera emango du. Entzuleri orokorrari begira egindako lanak faltan bota izan ditut, adibidez, Kursaalean edo ez dakit non jotzeko modukoak. Bidean dira eta lan txukuna egiteko moduan izango gara.

Bonifazio Fernandez eta Polentzi Gezala eta gaurko txistularien arteko zubi lana egin duzu haien bideari jarraiki.

Bai, beraiek jotako doinuak gustura jotzen ditut. Nik uste jendeak estimatzen duela, ez baita hain ohikoa. Haien grabazioak orain 30 urtekoak dira eta horregatik bildu nituen “Bihurrikeritan” diskoan.

Txistua ezezaguna da; beste tresna batzuekin ematen dituen aukerak, esaterako, ez dira gehiegi landu.

Bai. Nire ustez gaur egun ez dago erakutsi beharrik beste tresna askorekin jo daitekeenik. Tristea da oraindik hori demostratu beharra! 70eko hamarkadan hasi ziren txistua eta pianoarekin lanean, baina irakaskuntzan geratu ziren. Hau baino aurrerago joan behar dugu, lan profesionalak, musikalki zaindutakoak, eta iristen direnak eginez, txistuak sentimenduak mugitzeko balio duela ikusteraino.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide